ALBISTEAK

Sorturen ordezkari den Gorka Elejabarrietak, abenduaren 16, 17 eta 18an Berlinen ospatuko den Europako Ezkerreko Alderdiaren (EEA) 5. Kongresuan hartuko du parte.

Kongresuan Europako herritar guztiei, eta Euskal Herriko herritarrei ere, eragiten dieten gai ezberdin eta garrantzitsuen inguruan eztabaidatuko du EEAk.

Faxismo eta eskuin muturrari aurre egiteko, zein iruzur fiskalaren kontra eta TTIP, TISA eta CETAren negoziazioen hausturaren alde borrokatzeko Ezkerreko Fronte Zabala adosteko saiakera egingo da. Herritarrek erabaki ekonomikoen gaineko kontrola izango duten, pertsona ororentzat eskubide berdintasuna defendatuko dituen, migrante eta errefuxiatuentzat harrera duin eta ongi etorria bermatuko dituen estadio politikoaren alde egiten du EEAK, Sortuk bezala, finean, gerraren eta beldurraren alde egin beharrean, bakearen alde egingo duen Europa baten eraikuntzaren defentsa egiten du.

Honetaz gain, Europa osotik eta munduko beste bazterretatik etorritako delegazioei euskal gatazkaren konponbide prozesuaren egoera azaltzeko eta nahi dugun Europa horren aldeko kanpainak eta politikak adosteko aukera probestuko du Sortuk.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.