presoak

  • Espainiar sistema judizialak beste zaplasteko bat jasoko du Europatik

    Europako edozein estatutan betetako espetxe zigorra Espainiak deskontatu beharko lukeela dio europar zuzentarauak eta honen aurka jokatzea erabaki du Espainiako Epaitegi Konstituzionalak, Kepa Pikabearen kasuan ikusi denez. Erabakia zatiturik hartu da: zazi epaile lauren aurka; azpimarratzeko datua honakoa ere.

    Epaitegi Konstituzionalaren erabaki honek beste 48 euskal presoren kasuan ere hartu beharreko bidea markatuko luke; horietarik 7 presok kalean beharko lukete europar zuzentaraua jarraituko balitz. Baina ezezkoa erabaki da. Epaitegi Konstituzionala PPren erabakien trasmisio uhala baino ez da eta, beraz, ez geneukan esperantza handirik erresoluzioaren nondik norakoaz. Hala eta guztiz ere, guztiz tamalgarritzat jotzen dugu ia dagoeneko urtebete funtziotan daraman gobernuak eta independentzia judizialaren antipodetan dagoen Epaitegi Konstituzionalak beste urrats bat aurrera egin izana, guztiz lekuz eta garaiz kanpo dagoen neurria aplikatuz, beti ere bakearen eta konponbidearen kaltetan.

    Gainera, prebarikazio kasu baten aurrean geundeke, hau guztia egiten delako jakinik Europako zuzentaraua bete beharrekoa dela.

    Ondorioz, “in dubio pro reo”printzipio juridikoa hutsean geratu da, beste behin ere, latinajo huts bat bilakatuta. ETAk borroka armatua utzi zuenetik bost urte bete direnean, pasa den mendean eta klabe antiterroristan hartutako neurriak aplikatzen jarraitzen da.

    Normalizazio politikoari begira, estatu espainiarrak daraman bideak ez du inolako zentzurik; behin betikoz alboratu behar ditu oztopoa baino suposatzen ez duten jarrerak, izan ere, benetako justizian oinarritutako bakea lortzeko zailtasunak baino ez dituelako gehitzen.

    Ziur gaude hau ez dela horrela amaituko; euskal preso politikoen kontra aplikatzen diren mendekuan oinarritutako neurriak bertan behera utziko ditu Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Epaitegiak; eta beraz, espainiar sistema judizialak beste zaplastekoa jasoko du eta Europako legegileen aurrean bere ospea eta sinesgarritasuna ezerezean geratuko da.

    Amaitzeko, Espainiako Entzutegiak hartutako beste erabaki judizial bat ekarri nahi dugu gogora, kasu honetan, fiskaltzak harturikoa, non, frankismoaren biktimak eta inputatuek deklara ez dezaten agindu duen.

    Beste behin agerian geratzen da espainiar justiziaren bi aurpegiak; alde batetik, frankismoko kriminalen inpunitatea babestuz, bien bitartean, europar irizpideak aintzakotzat hartu gabe, euskal preso politikoen kontra kondena bikoitzak ontzat emanez.

  • Sara eta Izarek Donostian euren familiarekin egoteko eskubidea dute

    Audientzia Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaile Jose Luis Castrok Sara Majarenas bigarren gradura pasa eta Madrileko Fundación Padre Garralda – Horizontes Abiertos abegi zentrora trasladatzeko agindua dekretatu du, bere alaba Izarekin egon ahal izateko.

    Sorturen ustez aurrera urratsa da eta albiste ona da baina ez da nahikoa. Sara eta Izar elkarrekin egon ahal izango badira ere, bai alabak zein amak maite dituzten pertsonekin egoteko beharra eta eskubidea dute, gertukoa eta familiarra den giro batean. Begi bistakoa da Madrileko abegi zentro batek ez dituela baldintza horiek betetzen.

    Bestetik, gogoratu beharra dago Sara Majarenasek bere zigorraren hiru laurdenak beteak dituela. Beraz, bere eskubidea da baldintzapeko askatasunean aske geratzea Donostiara etorri ahal izan dadin, bere etxera, bere alaba Izarekin. Estatuari bere legedia bete dezala exijitzen diogu.

    Sortuk euskal gizarteari gaur 19:00etan Donostian Izarrekin Sara Etxera plataformak deitutako manifestazioan parte hartzeko deia egiten dio.

  • Sortuk Antton Troitiño euskal herritarraren atxiloketa salatu eta bere askatasuna exijitzen du

    Sortuk Antton Troitiño euskal herritarraren atxiloketa salatu eta berehalako askatasuna exijitzen du.

    Espainiako Auzitegi Nazionalak dagoeneko lau aldiz eskatu dio Londresi Troitiño estraditatzeko eta Westminsterreko Gorteak erabaki du ez dagoela eragozpenik euskal herritarra estraditatzeko. Horren ondorioz etorri da atzokoan Antton Troitiño atxiloketa.

    24 urte preso egon ostean, Estrasburgoko Auzitegiak “Parot doktrina” atzera bota ondoren 2011n atera zen espetxetik. Espainiak ordea, Troitiño 2017ra arte preso egon behar zela agindu zuen, Auzitegi Nazionalak Troitiño berriro ETAn sartu izanaren akusaziopean.

    Espainiar estatua mendeku politika itsu eta itxia darama preso politikoen aurka eta Antton Troitiñok bere zigorra betea badu ere Alderdi Popularrak temati jarraitzen du berau atxilotu eta espetxeratu nahian.

    Atxiloketa hau Euskal Herrian ireki den konponbide eszenarioaren kontra kokatzen da eta zentzu honetan Erresuma Batuak espainiarren eskutik jokatzea ulergaitza egiten zaigu.

    Sortuk dei egiten du bake agertokia sendotzeko ahaleginean indarrak aktibatzera, eta Antton Troitiñoren atxiloketa eta bere askatasuna eskatzeko antolatu diren mobilizazioekin bat egiten du.

  • Sortuk Ibon Goieaskoetxea eta Aletxu Zobaran Euskal Herritik gertu den espetxe batera lekualdatzea aldarrikatzen du

    Sortuk bere elkartasuna adierazi nahi die Ibon Gojeaskoetxea eta Aletxu Zobaran preso politikoei. Sortuk euskal preso politikoei etengabean ezartzen zaizkien banatze eta bestelako salbuespenezko neurriak salatzen ditu. Abuztuan, bi presoak “Mitard”-ean sartu ziren sakabanaketa salatzeko eta Euskal Herritik gertu den beste espetxe batera trasladatzea eskatzeko.

    Salbuespenezko espetxe politikak behingoz alboratu behar dira. Garaia da halako zigor neurriekin behin betikoz amaitzeko. Frantziar estatuak Madrilek euskal preso politikoei aplikatzen dien mendekuzko espetxe politikari segidismoa egitea utzi behar dio. Inoiz baino beharrezkoagoa da indarrak batzea. Presio sozial zein politikoan aurrera pausoak ematen jarraitu beharra dago, estatu espainol eta frantziarrek egun mantentzen duten mendeku politikak albora ditzaten. Era berean, ezinbestekoa da herri mobilizazioa indartu eta biderkatzea, sakabanaketa politika anker honekin amaitzeko lehenik eta behin eta, ondoren, euskal preso politiko guztiak etxera ekartzeko.

    Azkenik, dei bat gaur ostirala arratsaldeko 19:30etan Arriagan eta 20:30etan San Anton zubian egingo diren konzentrazioetan parte hartzera.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.