ALBISTEAK

Europako edozein estatutan betetako espetxe zigorra Espainiak deskontatu beharko lukeela dio europar zuzentarauak eta honen aurka jokatzea erabaki du Espainiako Epaitegi Konstituzionalak, Kepa Pikabearen kasuan ikusi denez. Erabakia zatiturik hartu da: zazi epaile lauren aurka; azpimarratzeko datua honakoa ere.

Epaitegi Konstituzionalaren erabaki honek beste 48 euskal presoren kasuan ere hartu beharreko bidea markatuko luke; horietarik 7 presok kalean beharko lukete europar zuzentaraua jarraituko balitz. Baina ezezkoa erabaki da. Epaitegi Konstituzionala PPren erabakien trasmisio uhala baino ez da eta, beraz, ez geneukan esperantza handirik erresoluzioaren nondik norakoaz. Hala eta guztiz ere, guztiz tamalgarritzat jotzen dugu ia dagoeneko urtebete funtziotan daraman gobernuak eta independentzia judizialaren antipodetan dagoen Epaitegi Konstituzionalak beste urrats bat aurrera egin izana, guztiz lekuz eta garaiz kanpo dagoen neurria aplikatuz, beti ere bakearen eta konponbidearen kaltetan.

Gainera, prebarikazio kasu baten aurrean geundeke, hau guztia egiten delako jakinik Europako zuzentaraua bete beharrekoa dela.

Ondorioz, “in dubio pro reo”printzipio juridikoa hutsean geratu da, beste behin ere, latinajo huts bat bilakatuta. ETAk borroka armatua utzi zuenetik bost urte bete direnean, pasa den mendean eta klabe antiterroristan hartutako neurriak aplikatzen jarraitzen da.

Normalizazio politikoari begira, estatu espainiarrak daraman bideak ez du inolako zentzurik; behin betikoz alboratu behar ditu oztopoa baino suposatzen ez duten jarrerak, izan ere, benetako justizian oinarritutako bakea lortzeko zailtasunak baino ez dituelako gehitzen.

Ziur gaude hau ez dela horrela amaituko; euskal preso politikoen kontra aplikatzen diren mendekuan oinarritutako neurriak bertan behera utziko ditu Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Epaitegiak; eta beraz, espainiar sistema judizialak beste zaplastekoa jasoko du eta Europako legegileen aurrean bere ospea eta sinesgarritasuna ezerezean geratuko da.

Amaitzeko, Espainiako Entzutegiak hartutako beste erabaki judizial bat ekarri nahi dugu gogora, kasu honetan, fiskaltzak harturikoa, non, frankismoaren biktimak eta inputatuek deklara ez dezaten agindu duen.

Beste behin agerian geratzen da espainiar justiziaren bi aurpegiak; alde batetik, frankismoko kriminalen inpunitatea babestuz, bien bitartean, europar irizpideak aintzakotzat hartu gabe, euskal preso politikoen kontra kondena bikoitzak ontzat emanez.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.