Sortuk ilusio handiz eta laguntzeko konpromisoz jaso du ELNk eta Kolonbiako Gobernuak elkarren arteko elkarrizketen hasiera jasotzen duen albistea.
Urria amaieran Quiton ezarri den elkarrizketarako mahaiari ongietorria ematen diogu, eta prozesu honetan laguntzaile eta bermatzaile izango diren herrialdeak zoriondu nahi ditugu.
Kolonbiako bake prozesua, azken “plebiszitua”ren ondotik, zalantzazko uneak bizi ditu. ELN eta Kolonbiako gobernuaren artean elkarrizketa mahaia abian jartzeak Bakearen ezinbestekotasuna agerian uzten du.
Zailtasun guztien gainetik, Kolonbian bake justu eta iraunkorra behin betiko lortzea eztabaidaezina dela pentsatzen dugu, nahiz eta bidean oztopoak bata bestearen atzetik aurkitu.
ELNren eskuetan zeuden zenbait bahitu askatu izanak bake prozesua eraikitzeko keinu adierazgarritzat hartzen dugu. Sinestuta gaude Quiton hasi diren elkarrizketa publikoek bake justu eta iraunkorra lortzeko bidea erraztuko dutela.
Bakea lortzeko helburuarekin aldeak animatu nahi ditugu eta gure babes osoa adierazten diegu elkarrizketa saio hauei.