ALBISTEAK

Gaurkoan erabaki zehatz baten berri ematera gatoz. Sortuk bere I. Kongresua burutuko du aurtengo maiatza eta ekaina bitartean.

Gogoratuko duzuenez, Sortuk bere Kongresu eratzailea egin zuen Iruñean 2013ko otsailean. 2012an Sorturen legeztapena eman ondoren, SORTZAILE prozesua burutu zen eta bertan finkatu zituen militantziak gaur gaurkoz indarrean dauden oinarri ideologikoak, lan-ildoak eta baita antolaketa eredua bera ere.

Azken urteotan oso egoera aldakorrari egin behar izan dio aurre Ezker Abertzale osoak eta baita Sortuk ere. 2011ko ziklo politiko berriak euskal politikaren parametro nagusiak aldatu ditu; akordio eta dinamika berrietarako margenak alderik alde zabaldu ditu; mapa politikoa bera eraldatu du espainolismoaren gainbehera eta aktore politiko berrien sartzearekin; bakea eta normalizazio politiko eta sozialerako aukerak inoiz baino sendoago agertzen dira; eta horrekin batera, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria sendo kokatuta dago ez bakarrik Euskal Herrian baizik eta Catalunyan eta baita Estatu espainoleko gobernu berriaren osatze-prozesuan.

Ezker Abertzaleak derrigorrezkotzat jo du egoera aldagarri horretan bere posizio estrategikoa fintzea, birkokatzea; eta horrekin batera bere funtzionamendua hobetu aldera hausnarketa bat abiatzea.

Ariketa hori egiten ari da honezkero Ezker Abertzalea eta aste honetan bertan publiko egin denez, entzute-fasea burutu ondoren oinarrizko txostena eman da argitara eta bere edukien gaineko eztabaida eta erabaki hartzea egingo da Euskal Herriko auzo eta herri batzarretan.

Esan liteke Abian-ek Ezker Abertzalearen joko politikorako zelai osoa marraztera datorrela, norabide estrategikoa marraztera. Behin lan hori bukatutakoan, Ezker Abertzaleko erakunde guztiak estrategiaren zehaztapen horren araberako ariketa partikularrak egin beharko ditugu; eta gure kasuan, Sortuk erabaki beharko du nolako oinarri ideologiko, lan-ildo eta antolakuntza eredutaz baliatu nahi den bere eguneroko zereginean eta ekimen politikoan, beti ere, Ezker Abertzaleak aldez aurretik Abian prozesuan ezarritako oinarrizko ikuspegiaren arabera, aldebakartasunean sakondu eta herri prozesu independentista sendoa aurrera eramateko.

Beraz, esan genezake, Sorturen estatutuen arabera lau urtean behin egin beharrekoa den kongresua, udara aurretik egitea guztiz komenigarritzat jo dugula. Ezker Abertzalearen eztabaida prozesua apirilean bukatuko den neurrian horixe baita momenturik egokiena, Abianeztabaida bukatu eta berehala. Atzo esan genuen Abian prozesuaren bidez seigarren martxa sartu nahi geniola Zutik Euskal Herria estrategiari; ideia horri jarraiki, gaur esan genezake Sortu dela estrategia horren motorra eta horrek eskatzen duela Abian prozesua bukatu bezain laster motorra puntu-puntuan jartzea eta ondorioz Sortu-ren kongresua udaberri honetan egitea.

Testuinguru horretan kokatzen da beraz gaurko iragarpen hori: Sortu lan hori egitera doa prozesu kongresualaren bidez, bere I. Kongresua.

Data zehatzak eta tokiak oraindik erabakitzeke daude, bere momentuan jakinaraziko dira.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.