Donostiako Aste Nagusia gertu da eta ezker abertzaleak, urtero bezala, manifestazioa egingo du jaien lehen egunean Donostiako kaleetan.
Manifestazio hau bi elementuk baldintzatuta dator. Batetik, Espainiako Estatuan alternatiba demokratizatzaile bat osatzeko ezintasuna agerian gelditu da berriro ere. Madrilen gobernua osatzeko ezintasunaren gainetik, murrizketa sozialen aro berri bat dator, euskal herritarroi batere mesederik egingo ez diguna.
Bestetik, Autonomia Erkidegoko hauteskundeen atarian gaudelarik, kontsulta honen garrantziaz jabetu behar gara.
Gure herriari herri proiektu bat eta alternatiba demokratiko bat eskaini eta garatzeko aukera ireki dezakegu irailaren 25etik aurrera.
Sorturen ustez, euskal herritarrok gure eskubide sozial, ekonomiko zein kulturalak errespetatuko dituen estatu duin bat merezi dugu. Hori besteak beste herri aktibazioarekin eta borrokaz erdietsiko dugu.
Hori dela eta, abuztuaren 13an 17:00etan Donostiako Artzai Onatik "Sortu euskal Errepublika. Gora Herria!" lelopean abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu. Era berean, deia luzatu nahi diogu jendeari "Gora Herria!" leloa duten kamisetekin zein aldarrikapen ezberdinak jasotzen dituzten banderekin etortzeko manifestaziora.
Bestetik, bihar 12.00etan Polloen Doris Benegas borrokalari nekaezinaren ehorzketa emango dela eta Sortuk ordezkaritza bat bidaliko duela jakinarazi nahi dugu.
Bukatzeko, atzo Argentinan emandako Hebe de Bonafiniren atxiloketa saiakera salatu nahi dugu eta gure babes eta elkartasun guztia adierazi nahi diegu bai Hebe zein Madres de la Plaza de Mayoko kide guztiei.