Sortuk Kataluniako Epaitegi Goreneko fiskaltzaren jokabidea salatu nahi du, hamar urteko inhabilitazioa eskatu duelako Artur Masentzat eta bederatzi urtetakoa Irene Rigau eta Joana Ortega kontseilariarentzat; eta bidenabar, gure elkartasuna adierazi nahi diegu auziperatuei.
Fiskaltza, Madrilgo gobernuaren transmisio uhal gisa ari da, eta honek interes bakarra dauka, jakina denez: prozesua ezinezkoa bilakatzea, beharrezkoa zaion munizio judizial guztia baliatuz horretarako. Honek bi gauza uzten ditu agerian: batetik, ezinezkoa dela espainiar Estatua demokratizatzea, katalanen eta euskaldunon eskubide nazionalak onartu eta errespetatuz; eta bestetik, Estatua ez dagoela jarrera indartsu batean: PP eta PSOEk estaturik gabeko nazioetako prozesu soberanistak galgatzeko martxan jarri zuten bigarren trantsizioa porrot egiten ari da; eta areagotu egingo da porrota gainera, aurrerantzean.
Izan ere, Sortuk argi ikusten du herri oso bat dagoela Kataluniako prozesu independentista bultzatzen, eta ahalegin honetan Europa osoan abangoardia bilakatu dela, agerian utziz borondate demokratikorik gabeko espainiar Estatua.
Ez dauka borondate demokratikorik Kataluniaren aurrean, ezta Euskal Herriaren aurrean ere. Horregatik diogu Euskal Herriaren eta Kataluniaren askatasuna eskutik helduta doazela; espaniar Konstituzioa kate berbera da bi herriontzat, libre arnas egiten ukatzen diguna.
Nola egin aurre? Hemen, etxean, inbertituz, independentziari begirako aldebakarreko prozesua martxan jarriz, zeinak gai izan beharko duen bidean topatzen ditugun arazo guztiei aurre egiteko. Honetarako funtsezkoa da dinamika soziala, politikoa eta instituzionala, eta herri gisa arituko den fronte indartsu bat osatzea. Soilik honela ulertzen dugu erantzun ahal izango diogula Madriletik datorkigun itxikeria eta intrantsigentziari.
