Gaur Hispanitatearen Egunean, Espainiako armadaren egunean, La Salveko kuartela aukeratu dugu Espainiak herri honi eskaini dion tratua gogoratzeko.
Espainiak Euskal Herria mespretxatu du, mespretxatzen du eta herri gisa ito nahi du. Espainia horrek La Salven du bere enbaxada nagusietarik bat. Eta bere armadak hainbat basakeria egin ditu bertan.
La Salveko enbaxada honen ormak euskal herritarren odolez zikinduta daude. La Salven, atxilotuek bainera, elektrodoak, poltsa, jipoi izugarriak … jaso izan dituzte egun batez, bi egunez, hiruz, hamarrez ere.
Hispanitatearen defendatzaileen eskutik jasotako kolpe horiek guztien zarata belarri parean dugu oraindik ere. Izan ere, milaka herritarroi bihotzean geratu zaigu ubeldua betirako La Salve gisako torturaguneetatik pasa eta gero. Ez dugu ahaztu ez mina, ezin dugu ahaztu; ezta irentsi ere, urteotan zabaldu izan den gezurra.
Gezurra baita azkeneko 50 urteotan arrazoi politikoengatik atxilotutakoen kontrako torturaren erabilpena oso noizbehinkakoa izan dela; edo funtzionario ustelen praktika hutsa izan dela.
Tortura estatuaren gerra estrategiaren oinarrizko tresna izan da. Era sistematikoan eta inpunitate osoz erabilia izan dena. Torturaren erabilpena, hamarkadetan zehar, estatuko indar politiko nagusiek, indar errepresiboek eta salbuespen legediek ahalbideratu dute. Eusko Jaurlaritzak, torturari buruzko ikerketaren lehen erroldan 4000tik gora tortura salaketa erregistratu ditu.
Eta ez gara ari Frankismoaren garaiaz. Datuek argi diote: kasu frogatu gehiago daude 2000ko hamarkadan 70eko hamarkadan baino. Ikerketa honen arabera, 4800 aldiz izan dira torturengatik salatuak Guardia Zibila, Polizia Nazionala eta Ertzaintza.
Salatua izan direnek ordea, ez dute zigorrik jaso oraindik. Nola zigortuko du Estatuak bere burua? Nola aitortuko du, gaurko egunean are gutxiago, Hispanitatearen proiektua bainera eta elektrodoekin inposatu nahi izan dela gure herrian?
La Salve, zoritxarrez, ez da iragana oraindik. Tortura ez den moduan. Inposaketa ez den moduan. Hispanitatearen eguna ez den moduan.
Gure esku dago, gu guztion esku, iragana gainditzea. Guk etorkizunari begiratu nahi diogu, euskal errepublika askeari. Eta gaurko ekimen honen bitartez, borroka honetan parte hartzera deitzen dizugu.
Gaur inoiz baino ozenago... Gora Herri askeak!!!
