ALBISTEAK
Bateragune auziak zazpi urte bete ditu. Auzi haren ondorioz, Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Rafa Diez espetxean sartu zituzten.

Zazpi urte beranduago, guztiak kalean daude Rafa Diez izan ezik, oraindik El Duesoko espetxean jarraitzen baitu. Sortuk elkartasun osoa adierazi nahi dio Rafa Diezi eta bere askatasuna exijitzen du.

Gobernu espainiarrak bide orri argia zuen Bateragune auziko kideak espetxeratzean: Ezker Abertzaleak independentziarako proiektua soilik bide demokratikoetatik gauzatzeko planteatzen zuen estrategia aldaketa zapuztu nahi izan zuen. Baina alferrik, huts egin zuen, Ezker Abertzaleak bere oinarriarekin markatutako bideari jarraitu ziolako.

Sorturen iritziz, PP eta PSOE alderdiek helburu eta egitasmo berbera kudeatzen dute, hau da, Ezker Abertzaleak eta mugimendu soberanista osoak martxan jarritako prozesua deuseztatzea. Beldurra diote gatazkaren konponbide demokratikoari eta eremu orotan oztopoak jartzen ahalegintzen dira: Guardia Zibilarekin, espetxeetan, Entzutegi Nazionalean, Konstituzionalean, errepresioaren bidez... Guztia erabiltzeko prest dira gure herrian abian den aro berria zapuzteko, oso arrazoi sinplearengatik: gure herriarentzako eskaintza demokratikorik ez dutelako.

Denbora honetan guztian min eragiteko gaitasuna soberan erakutsi dute bakearen etsaiek, baina ezin izango dute herri gisa dagozkigun eskubide guztiak berreskuratzeko hartu dugun erabakia gerarazi. Ez lehen ez orain, ez Estatu espainiar ezta Estatu frantziarraren erasoek ere, ez gaituzte gure bidetik mugiaraziko. Duela zazpi urte erakutsi genuen moduan, gaur ere berresten dugu: gure ipar-orratzak independentzia markatzen du eta euskal herritarren eskutik egingo dugu bidea.

Bukatzeko, Sortuk, prozesua zapuzteko helburua duten erabaki judizial eta errepresibo guztien amaiera eskatzen du.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.