Atxilotutako bi gazteak epailearen esku utzi gabe daudenez, zenbait komunikabidek hedatu duten gertakarien bertsioa zalantzan jartzen du Sortuk, bertsio hau Guardia Zibilaren eta Gobernu Delegaritzaren iturrietatik bait dator soilik.
Hori horrela izanik, Sortuk salatzen du oraindik orain txosten publiko eta salaketa publikorik egon gabe, Guardia Zibilak soilik hedatutakoaren arabera bertsio ofizial bat eraikitzen aritzea. Bertsio hori kontraesankorra da beste iturri batzuek kontatzen dutenarekin.
Sortuk era berean salatzen du Guardia Zibilaren jarrera gertakari hauen aurrean eta azken orduetan zehar. Altsasuko kaleetan krispazioa eta probokazioa areagotu besterik ez du egin aipatu jarrera horrek herritarren artean kontrolen bidez eta presentzia itogarriaren bidez. Gogora arazi behar da Altsasuko herriak Guardia Zibilaren presentzia eta praktikekiko nekea azaldu duela behin baino gehiagotan urteetan zehar.
Gertakari hauen aurrean Sortuk Euskal Herrian bakea eta bizikidetzaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa berresten du, Altsasun gertatuko moduko pasarteak gehiago gertatu ez daitezen. Horretarako ezinbestekoa deritzo urratsak ematea bakea eta gatazkaren ondorioen behin betiko konponbidearen alde. Horrek Euskal Herriaren behin betiko desmilitarizazioa eta Guardia Zibilak Euskal Herritik alde egitea eskatzen ditu.
Gauzak horrela, Sortuk atxilotutako gazteen askatasuna eskatzen du eta Guardia Zibilak Altsasun duen jarrera beldur eragilea eta presentziarekin amaitzea exijitzen du. Era berean, dei egiten die gainontzeko eragile sozial eta politikoei erantzukizunez jokatzeko eta elkarrizketaren bidez konpontzeko auzi hau.
