Gaur, espainiar Konstituzioaren ospakizun eguna dela eta, hauxe adierazi nahi du Sortuk:
Hasteko, gure herriari inposatutako Konstituzioak inposatutako jai eguna da gaurkoa eta, horregatik, ez dago ospakizunik Sorturentzat.
Espainiako Konstituzioa inposatu egin zaio herri honi, euskal herritarren heren batek baino ez bait zion babesa eman 1978an. Joko demokratikoaren arauen arabera, onartezina da heren baten babesarekin inposatu izana.
Espainiar Konstituzioa guztiz antidemokratikoa da, bestalde: Euskal Herria ez du nazio gisa onartzen, ezta dagokigun erabakitzeko eskubidea ere. Gure herriaren eta Espainiako herrien kartzela da.
Egoera honetan, Euskal Herrian prozesu eratzaile propioa irekitzeko beharra dugula irizten du Sortuk, gure eskubide politiko, sozial eta kulturalak osorik bermatu ahal izateko.
Izan ere, espainiar Estatua, etengabe, eta Konstituzioaren zaindari den Auzitegi Konstituzionalaren bidez, Euskal Herriko parlamentuetan hartzen ditugun erabakiak etengabe atzera botatzen ari da eta egoera honekin amaitu beharra dago.
Hau soilik egin daiteke euskal demokrazian sakonduz, alegia, Euskal Herria nazio gisa eta dagozkion eskubideak oinarri izango dituen euskal demokrazia garatuz, euskal herritarren -eta ez beste inoren- borondatearen arabera.
