1/ Marxen Das Kapital liburuaren lehen argitalpenetik 150 eta Errusiako Iraultzatik 100 urte joan diren honetan, kapitalismoa planeta eta bertako biztanleentzako eraso larria dela berretsi behar dugu, ezinbestekoa delarik bizitza diruaren gainetik jartzen duen zibilizazio berri baten eraikuntza. Egitura sozioekonomiko justuak, feminismoa, lurraren zaintza, errotiko demokrazia eta berdintasuna ikurtzat hartzen dituen sozialismoaren ipar orratza funtsezkoa da mundu hobe baterako ibilbidean, herri guztien askatasuna eta zapalkuntza eta esplotazio era oro gainditzea zerumuga jarririk. Dena denona baita, dena denon artean kudeatu behar baita, inor ez baita beste inor baino gehiago.
2/ Gure garaiko erronken arabera birpentsatu eta gauzatu behar dugu iraultza, fetitxizazioetatik harago, eraldaketa prozesua baita eta ez gertaera magikoa. Ez da nostalgian murgiltzeko tenorea, aldaketa sakonak biharko utzi gabe gaur bertan gauzatzeko unea baizik. Sozialismoa orain eta hemen hasi behar da eraikitzen, E egun baten menpe jarri gabe. Egunoro hartu behar dira Neguko Jauregiak, makro eta mikro borroka mailak ongi artikulatuz, abangoardiakeria eta mesianismo tentaldiak alde batera utzirik. Izan ere soilik herriak salbatzen du herria.
3/ Ezker abertzalearen sorrerako hipotesi estrategikoak inoiz baino gaurkotasun handiagoa dauka testuinguru historiko honetan. Neoliberalismoak elkartasun eta elkarbizitza lotura guztiak azokaren logikaren menpe sakrifikatu nahi dituen aro honetan, akats larria litzateke herri edota komunitate atxikimen-sentimenen bandera eskuinaren eskuetan uztea. Bai, nazio askapena da jendarte aldaketaren gakoa gurean; hala zen duela hamarkada batzuk, eta hala da orain ere. Gure herri gisako autoantolaketa demokratikoa bultzatzea da munduaren aldaketari egin behar diogun ekarpena, beraz.
4/ Ekarpen hori bultzatzeko sortu zen ezker abertzalea, eta ekarpen hori biderkatzeko eztabaida prozesu sakona burutu dugu Abian prozesuaren eta Sorturen birfundazioaren bidez. Ernairen eta LABen kongresuak falta direlarik, gogoeta eta indartze ahalegin sakon eta trinko honen etapa bat bukatzen da kongresu honekin. Eta pozaz esan beharra dugu ahalegin emankorra izan dela, duela urte bete baino ezker abertzale sendoagoa, biziagoa, kohesionatuagoa eta borrokarako grina handiagoaz dugulako. XXI. mendeko ezker abertzalea, alegia!
5/ Asko ikasi dugu prozesu honetan. Umiltasunaz, herriari esan diogu, baita gure buruari ere, zertan egin dugun huts, non dauden gure mugak, zenbat kostatzen zaigun geuk ekarri ditugun garai berrietara egokitzea eta abar. Hau gainditzeko oinarriak adostu ditugu, gure energia guztiez, kultura eta jarduera berriak bultzatuz, geure erakundea, geure egiturak, geure jokamoldeak, geure diskurtsoa eta finean, gure ekarpen politikoa eman beharreko jauzien zerbitzura jarriz. Eztabaidan jarraituko dugu, horixe baita erakunde eraldatzailearen taupada, baina argi dago gure lehentasuna, hemendik aurrera: kalera atera eta aldaketa berriak bultzatzeko garaia da, gure herria independentziara eramateko tenorea baita. Ibilbide honetan, borrokarako eta elkarlanerako grina aldarrikatu nahi dugu gaurko honetan, denon artean eraman behar baitugu aurrera geroko Euskal Herriaren eraikuntza. Finean, Euskal Herriak sortu zuen ezker abertzalea, eta Euskal Herriak birfundatu du ezker abertzalea. KONGRESUKO TESTU ERRESOLUTIBOA
6/ Bukatzeko, Sortuk, Euskal herritarren askapen nazional eta sozialerako tresna den aldetik, azpimarratu egin nahi ditu ildo, gure herriarentzat funtsezkotzat jotzen ditugunak, eta datozen hilabeteetan gure praktika politikoa gidatuko dutenak:
- Biziki kezkatzen gaituzte krisiak gure gizarteari, gure herriei eta eskualdeei eta oro har euskal herritargoa osatzen duten familia eta pertsonei ekarri dizkien ondorioek. Ondorio horietako batzuk oso nabarmenak dira, eta beste batzuk ezkutuagoak, baina argi dago pobretu egin garela, batez ere klase herritarrak, langileak, prekariatua, pentsionistak, gazteak eta emakumeak, oso nabaria baita desberdintasuna ere areagotu egin dela azken urteotan. Ez dugu onartzen Espainiako eta Frantziako estandarraren arabera neurtuak izatea. Gure ekonomia, industria, eredu fiskala, harreman soziolaboralak eta aberastasunaren banaketa herri gisa ditugun ahalmenen araberakoak izatea nahi dugu, helburu dugun gizarte kohesionatu eta duina sortzeko lagungarri izatea nahi dugu. Adostu eta bultzatuko ditugun politika publikoek berdintasunaren eta emantzipazioaren aldeko bultzada horri erantzungo diote.
- Preso politikoak, haien senideak eta haien eskubideak lehentasunezko gaia dira gure komunitatearentzat. Eztabaida hau giza eskubideen esparruan kokatzen da. Euskal Herriko agertoki politiko berrian pertsona guztien eskubide guztiak babesteko eta bermatzeko baldintzak sortu behar ditugu. Guztion ardura da, batez ere euskal instituzioena. Ezin da egon bigarren mailako herritarrik, ez horri dagokionez ez beste ezein arlotan. Guk inolako aitzakiarik gabe onartzen dugu horretan daukagun ardura eta, beraz, hori izango da gure lanaren helburua, eta gure esku dauden erabaki guztiak hartuko ditugu helburu horren mesedetan.
- Uste dugu herri honek aldaketa politikoa behar duela, nazio hau egituratu egin behar dela bere herritarren nahi eta interesei hobeto erantzuteko, boterea eta burujabetza berreskuratu behar ditugula, independentzia dela herri eta gizarte gisa garatzeko daukagun aukerarik onena. Badakigu aldaketa hori aliantzen bidez soilik lor daitekeela, aliantza puntual nahiz estrategikoen bidez. Aldaketa hori abian da dagoeneko. Horren froga dira Euskal Herri osoan garatzen ari diren ehunka esperientzia kolektibo. Horren eredu dira milaka militante eta hautetsi, ez soilik Sortukoak, EH Bildukoak edo EH Baikoak. Guri dagokigunez, gure onena emango dugu pertsonak lehentasun gisa eta gure herria subjektu gisa kokatuko dituen aldaketaren alde. Hori da gure konpromisoa.
Gora herria!
Euskal Herrian, 2017ko urtarrilaren 21ean