ALBISTEAK

Ohar honen bitartez Sortuk bat egiten du Gure Esku Dago plataformak Kataluniari elkartasuna adierazteko igande honetan eguerdiko 12:00etan lau hiriburutan DEMOKRAZIA lelopean deitu dituen konzentrazioekin.

Hori baita jokoan dagoena, DEMOKRAZIA bera. Izan ere, Kataluniak eta Euskal Herriak herri gisa beren etorkizuna erabakitzeko eskubide osoa dute.

Katalunian martxan den prozesu konstituziogileak ez du atzerabueltarik. Kataluniak herri aske izateko erabakia hartua du eta hortaz, Euskal Herritik Kataluniako herriari eman diezaiokegun laguntzarik onena, Euskal Herrian gure prozesu konstituziogilea martxan jartzea da, hau da, Euskal Herriak ere bere bide propioa lantzea estatu burujabea izateko. Hori da gure konpromisoa.

Espainiar estatuaren zio bakarra Katalunian eta Euskal Herrian hasi eta hasiko diren deskonexio prozesuak oztopatzea baino ez da. Estatu espainiarraren eskaintza bakarra inposaketa, mehatxua eta errepresioa baino ez da. Argi geratu zen hori atzo Catalá ministroaren adierazpenetan, non autonomiaren suspentsioarekin mehatxu egiten zuen. Honek agerian uzten digu estatu espainiarrean ez dagoela marjenik ibilbide demokratikoa egiteko.

Ezinezkoa da espainiar Estatua demokratizatzea, katalanen eta euskaldunon eskubide nazionalak onartu eta errespetatzeko; ez dauka borondate demokratikorik Kataluniaren aurrean, ezta Euskal Herriaren aurrean ere.

Beraz, egoera horri aurre egiteko funtsezkoa da dinamika soziala, politikoa eta instituzionala indartzea, eta herri gisa arituko den fronte indartsu bat osatzea. Soilik honela erantzun ahal izango dio Madriletik datorkigun itxikeria eta intrantsigentziari.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.