Sortuk gaur egin du, urtarrilaren 21eko Kongresuaren ondoren, bere lehen Kontseilu Nazionala, Hendaian. Bertan, eztabaida prozesuaren balorazioa egin da. Balorazio positiboa bai helburu politikoei dagokienean eta baita parte hartzeko helburuei dagokienean ere.
Helburu politikoei dagokienez, mugimendu eraberritu bat izan du emaitza eztabaida prozesuak: komunitate kohesionatua, ilusionatua eta Euskal Herriak dituen erronka potoloei aurre egiteko gogoz betea. Orain, gogo hori herriz herri antolatzea falta da eta horri ekingo dio Sortuk hurrengo hilabeteetan.
Bestetik, Euskal Herria independentziara eramateko eta Euskal Errepublika sortzeko bide orria eta zeregin praktikoak eman dizkio Sorturi eztabaida prozesuak. Independentzia eskuratzeko aukerak biderkatzen dituen estrategia berritzailea adostu da, estrategia konfederala bi lerrotan laburbildu daitekeena: Euskal Herria osatzen duten hiru eremu juridiko-administratiboetako bakoitzean Estatu propioaren aldeko gehiengoaren borondateak sortzea eskaintza independentista sozial eta kultural berri baten bidez.
Horretarako ezinbestekoa izango da bidean mota ezberdinetako aliantzak eraikitzea espazio sozialean, politikoan zein sindikalean.
Funtsean, azken urteetako lorpenak aintzat hartu eta egon diren hainbat inertzia eta tendentzia negatiboari aurre eginez, ezker abertzalea dinamika positibo baten norabidean kokatu du eztabaida prozesuak.
Printzipioekiko koherentea eta parte hartzean gaztea izan den eztabaida prozesua
Sortuk azpimarratu du eztabaidarako erabili duen metodoa berritzailea izan dela eta arrakastatsua izan dela. Sortuk Euskal Herriarentzat gizarte eredu parte hartzailea eta demokratikoa aldarrikatzen du eta printzipio horiek dira praktikan garatu dituenak.
Prozesu gardena, parte hartzailea, demokratikoa eta sinesgarria egin dituela aldarrikatu du, parte hartzerako mekanismo berriak jarriz: zuzendaritza hautatzeko primaria sistema eta tokiko asanbladez gain parte hartu eta bozkatzeko tresna telematikoak. Hasieran uste zena baino harrera hobea izan dute gainera tresna horiek Sortuk azaldu duenez.
Gogora arazi du gainera, ez dela beste alderdirik zuzendaritzaren erdia zerrenda irekien bidez hautatu duenik. Bestalde, gogoratu du Zohardia ponentziak eta zuzendaritza ekipoak babes maila oso altua izan dutela: %91koa lehenak eta %80tik gorakoa ekipoek %71ko parte hartzearekin. Parte hartzeari dagokionez, 7172 pertsona akreditatu dira guztira azkenean. Herena %35 urtetik beherakoa izanda eta %57,1a 45 urtetik beherakoa. Akreditatuen %39,7a izan da emakumea eta zuzendaritzaren %41,3a dira emakumeak.
Presoei dagokienez, 173 izan dira akreditatu direnak. Balorazio positiboa egin du Sortuk, lehen aldiz presoek halako prozesu batean parte hartzeko mekanismoak jarri baitira eta dispertsioaren zein kartzelan presoek pairatzen duten salbuespen egoeraren gainetik presoen partetik harrera oso ona izan baita.
