ALBISTEAK

3 asteetako barne hauteskundeen ostean Nafarroako eskualde eta esperientzia eremu ezberdinal bilduko dituen Nafarroako Kontseilu berria osatu dugu. Eta Kontseiluaren erronka nagusia argia da: Nafarroan nagusi den aldaketaren gehiengo soziala subirautzaren aldeko gehiengo bihurtzea. Hauxe da, besteak beste, Nafarroako Batzarrak onartutako adierazpena:

Euskal Errepublikaren bidean Nafarroaren burujabetza prozesua sustatzeko konpromisoa aldarrikatu nahi dugu agerraldi honetan.

Bizi garen mundua hamaika aurpegitako zibilizazio krisi batean murgilduta dago, neoliberalismoaren eraso eta suntsipenen ondorioz. Prekarizazio, ziurgabetasun, harresien eraikuntza eta aldaketa handiko testuinguru honetan jendarteen ahalduntzea, herrien burujabetza bilakatu da edozein eraldaketa egitasmoren ardatz. Gauzak horrela, ezker abertzalearen sorrerako gogoetak erabateko gaurkotasuna du, inoiz baino era nabarmenagoan herri gisako askapena eta jendarte aldaketa elkarlotuta daudelako.

Zutik Eukal Herria adierazpenetik, ABIAN eta Sorturen Birfundazio Kongresura. Ezker abertzaleak bere egitasmo politikoa berretsi eta independentziarako hautua bideratzeko egokitzapen estrategikoan sakontzeko ariketa kolektiboa burutu du. Egindako bidea emankorra izan da dagoeneko, eragin zuzena izan duelako Euskal Herriko argazki politikoan eta prozesu soberanista-independentista bultzatzeko baldintza berriak sortu dituelako. Umiltasun eta harrotasun osoz aldarrikatzen dugu, non eta Euskal Herriko bihotzean, ezker abertzaleak herritar, langile zein eragile anitzekin batera sustatu eta sustatuko duela ziklo berri hau. Hamarkadetako lana eta borroka oinarri gisa hartuz eta bidetik urrats berriak emanez.

Nafarroa une historiko itxaropentsuan dago. Aldaketa instituzionalak hamarkadatan Erregimenak ezarritako apartheid instituzionala gainditu eta orain arte baztertutakoen gobernuak osatu dira. Lehen aldiz, “corralito forala”ren eliteek kolokan ikusi dute beren nagusitasun ez-demokratikoa. Eredu sozial eta politiko berri baterako aukerak parez pare zabaldu dira. Baina aukera hauek mehatxuen menpe ere badaude, Erregimena eraiki zutenek atzera buelta egin nahi dutelako. Aldaketa koiuntura zehatz bateko parentesi batera mugatu nahi dute. Eta erantzuna argia da, aldaketa sustatzeko bide bakarra aldaketan sakontzea da.

Aldaketa nafar jendartearen burujabetza eta ahalduntze osorako prozesu demokratikoa da, gure ustetan. Jendarte justu eta askeagoan bizi nahi dugun eragile eta herritarrok nafar iraultza demokratikoa egin behar dugu. Horretarako aldaketaren osagaiak dira instituzioak eta herri mugimenduak; udalak, gobernua, parlamentua, administrazioa, kaleak, lantokiak, etxeak, eskolak, unibertsitatea, osasun zentroak, elkarteak, kirol zelaiak.

Argi dugu guk: aldaketa instituzioetara ekarri zuten ekinbide eta gakoak dira agertoki berriak irekitzeko gakoak. Batetik, jendarteko sektore zein eragile eraldatzaileen arteko elkarlana; bestetik, erregimenak inposatutako “status quo”-a behin betikoz gainditzea. Demokrazia aldarrikatzen dugu, Nafarroa izan dadin nafarrok erabakitzen duguna!

Aldaketaren ibilgailuari galga jarri nahi diotenen aurrean edota iraganera bueltarazi nahi gaituztenen aurrean, Nafarroako erakunde eta herritarren burujabetza-erabakimen osoaren defentsa, aldarrikapena eta praktikan sakontzea beharrezkoa da. Burujabetzea Nafarroarendako aukerarik onena da. Gauzak honela, guk hemen erabaki behar dugu, herriak erabaki behar du. Beste batzuek erabakitzekotan, Bruselasen, Madrilen edota Erregimenaren eliteetan beraien interesen alde baino ez dute egingo, urteotan egin duten moduan. Eta guk demokratikoki hemen erabaki nahi dugu, denon artean.

Horixe da gure ustez aldaketa prozesua sustatzeko nafar jendartearen sektore, eragile zein herritarron artean bultzatu beharko genukeen bidea. Finean, euskal soberanista-independentistak, espainiar Estatuarekiko aldebikotasunean sinesten dutenak, edota esparru zein ekinbide ezberdinetatik eredu sozial berri baten alde lanean diharduten herritarrak, demokraziaren aldekook, erronka komuna dugulako: Nafarroaren erabaki ahalmena posible egingo duen Estatus politiko berria eraikitzea.
Bukatzeko, Nafarroako gizon eta emakumeok berresten ditugu Birfundazio Kongresuaren amaieran finkatu genituen datozen urteetarako lehentasunak:

a) Euskal Herrian bizitako gatazka politiko-armatua behin betirako itxi behar da, ondorio guziei aurre eginaz. Maila honetan garrantzia berezia hartzen du, jakina, euskal preso politikoen zein errefuxiatuak berandu baino lehen etxera ekartzeak.

b) Indar oroz neoliberalismoari aurre egin eta prekarizazioak gehien kolpatutako langile eta herri sektoreekin bat egin behar dugu.

c) Gure helburua Euskal Errepublika Konfederala eraikitzea da, zeinean Nafarroa estatu sortzaileetako bat izanen baita, eta horretarako, gure herria osatzen duten lurralde eremu bakoitzean, burujabetze jarduerak sustatuko ditugu gehiengo independentistak eraikiz, aldi berean, Euskal Herriaren kohesio sozial eta nazionalerako dinamikak indartuz.

Goazen, beraz! Segi dezagun aurrera, elkar ditzagun borroka eta gogoak, indar ditzagun elkartasunezko eta konpromisozko loturak, Nafarroa gorria, berdea, morea posiblea delako, eraikitzen ari garelako.

GORA HERRIA!

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.