Burujabetzaren aldeko gehiengo sozial eta instituzionalak artikulatzeko erronkari helduko SORTUk datozen hilabeteetan. Horixe da SORTUk egindako Lehen Konferentzia Politikoan hartutako erabaki nagusia. Erregimenari bigarren frente bat zabaltzeko dei egin du Arkaitz Rodriguez idazkari nagusi berriak. “Kataluniarekin izan dezakegun elkartasun keinurik handiena da hemen ere prozesu soberanista bat martxan jartzea”, esan du aukeratu ondoren eman duen hitzaldian.
SORTUk bere lehen Konferentzia Politikoaren bidez hasiera emango dio gaur Kurtso Politikoari, Iruñeko Refena Aretoan. Guztira, 433 Sortzailek parte hartu dute Konferentzia Politiko honetan.
Lehen konferentzia honetan datozen hilabeteetarako lan-ildoak argitu ditu SORTUk eta hiru erronka nagusi izango ditu SORTUk eskuartean: burujabetza prozesua abian jartzeko gehiengoak artikulatzea, neoliberalismoaren aurkako frontea eratzea eta presoak kalera ateratzeko bide-orri bat adostea eragileekin.
Lehen erronkari dagokionez, Rodriguezek balioan jarri du Kataluniako eredua. “Kataluniak erakusten du posible dela gehiengo sozial eta sindikal zabal eratzea espainiar marko legala gaindituko duena. Horixe da, hain zuzen, estrategia aldatzeari buruz ari ginenena. Estrategia irabazle hori hemen ere artikjulatu behar dugu”, Rodriguezen esanetan.
Horretarako gure indarretan sinisitea eta konfiantza ezinbesteko baldintza dela adierazi du. “Horrez gain, beste baldintza inoren zain ez egotea da. “Rafak esan bezala, ez dago eliteen Maltzaga baterako aukerarik, baina Maltzaga sozial baterako bai”, azaldu du.
Gehiengo horiek nola artikula daitezkeen ere gogoeta egin du SORTUk goiz honetan. Alderdiak uste du badagoela esparru sozial zabal bat artikulatu daitekeena, bai gizarte mugimenduak kontuan hartuta, bai gehiengo sozialak kontuan hartuta. Horiez gain, nazioartean ere nazio aitortzaren eta erabakitze eskubidearen aldeko gehiengo zabal bat ere badago.
Erreformaren erreformarik ez du onartuko SORTUk. “78ko Erregimenetik eratorritako harreman eredua bukatuta dago eta orain batzuek tentazioa izan dezakete erreformaren erreforma egiten saiatzeko. Argi esaten dugu, ezker abertzalean ez du inola ere hori onartuko”, argitu du idazkari nagusiak.
Bigarrenik, burujabetzaren aldeko frontea artikulatzeko erabakiaz gain, neoliberalismoaren aurkako fronte soziala artikulatzeko konpromisoa hartu du SORTUk Konferentzian.
400.000 lagun inguru pobreziaren mugan dauden honetan, eta ezberdintasun sozialak gero eta desberdinagoak diren honetan, lehentasuna ere behar duen gaia da. “Ez, hemen ez dago oasirik. Eta horregatik, eskuz esku eta orpoz orpo borrokatuko gara gehiengo sozialarekin eta mugimendu sozialekin politika neoliberalei mugak jarri eta eredu ekonomiko eta sozial justu baten alde”, adierazi du.
SORTUk nolanahi ere sozialismoaren aldeko borrokan jarraituko du. Euskal Herrian, burujabetzak baino ez dezake ekarri gizarte justu bat. Guk ez dugu nahi estatu bat soilik banderaz aldatzeko. Guk nahi dugu estatu bat eredu ekonomiko eta sozial justu bat eraikitzeko”.
Hirugarrenik, presoak kalera ateratzeko bide-orriari lotuko zaio SORTU. Alderdia jakitun da Estatua presoen gaia prozesu politikoa blokeatzeko erabiltzen ari dela. “Kendu behar diogu xantaiarako tresna hori”. Horretarako herri honetako eragile politiko sozial eta sindikalekin batera bide-orri bat adosteari ekingo dio. “Armagabetzeak erakutsi zuen: Estatuak boteretsuak dira, baina ez dira garaitezinak”.
Idazkari nagusiaren ordezkapena
Kongresuaren ostean Konferentzia da SORTUren organo gorena eta urtero egingo da. Gaurko saioan ikasturteari dagozkion hainbat erabaki hartu dira. Egoeraren azterketa egin da eta 2019/20ra bitarteko plan politikoaren oinarriak erabakiko ditu Kongresuak. Horrez gain, antolakuntza aldeko zenbait erabaki hartu dira.
Konferentzia honek idazkari nagusiaren ordezkapena egiteko balio izango du. SORTUren Kontseilu Politikoak proposatu du Arnaldo Otegiren kargua Arkaitz Rodriguezek har dezan. Egun, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia denez, karguen bateraezintasuna dela eta, ardura hori beste norbaitek hartu behar du. SORTUko Kontseilu Nazionalak Arkaitz Rodriguez proposatuko du.
Iruñeko Refenan parte hartu duten 430 sortzaileetatik 406k eman diote aldeko botua Arkaitz Rodriguezi, 1ek aurka bozkatu du, 7k zuriz eta 19 abstenitu egin dira.
Arratsaldeko saioa
Goizeko saioaren ostean, Sortzaileek elkarrekin bazkaltzeko parada izan zuten. Azken batean konferentziak militanteen arteko harremanak trinkotzeko erreminta ere izan nahi du. Arratsaldean Euskal Herriari eta ezker abertzaleari laguntza eman dioten bi pertsonari eskertza ekitaldia egingo zieten.
