Atzo goizaldean ezezagunek zenbait Batzokitan eginiko pintadak direla eta, SORTUk honako hau adierazten du:
-
Ezker Abertzaleak ez du gertaera horiekin inolako zerikusirik. Horiek Ezker Abertzalearen ildotik eta gogoeta politikotik kanpo daude, eta hori EAJk badaki. Horrexegatik, berriro ere Ezker Abertzalea ez interpelatzeko eskatzen diogu.
-
Berriz diogu: Ezker Abertzalea ez dago gertaera horien atzean. Horien atzean nor dagoen ez dugu hain garbi, ez nork zuzentzen duen, ez eta zeintzuk diren bere helburuak. Eta pintada gehienak gaztelaniaz egiteak gure susmoak handitu besterik ez du egiten. Gauza bat argi dago behintzat: gertaera horren arduradunak lortu du, atzoko mobilizazioaren erabateko arrakasta hizpide izan ordez, pintadak izatea manifestazioa bezain hizpide nagusia edo akaso gehiago. Norberak atera ditzala ondorioak ekintza horiek norentzat noren mesederako diren eta noren kaleterako.
-
Estatuen espetxe-politika aldatzeak, eta zer esanik ez euskal preso politikoen kaleratzeak, ahalik eta aliantza politiko, sozial eta instituzional zabalenak eraikitzea eskatzen du. Horixe bera egin dute Ipar Euskal Herrian eta Hegoaldean ere hori lortzeko saiakera egiten ari da. Bide horrek, nahi baino beranduago izan arren, lehen fruituak ekartzen hasi dela ikus daiteke, motu apalean bada ere. Horrexegatik, era honetako gertaerak, modu objektiboan aipatutako norabidearen aurka egiten dutenak, orain bezalako uneetan are ulertezinagoak dira.
-
EAJri eskatzen diogu gertaera hauek ez ditzala modu bidegabean erabili atzoko mobilizazioan parte hartu ez zuela justifikatzeko asmoz. EAJk eskubide osoa du ez atxikitzeko edo ez joateko mobilizazio horretara zein beste edozeinetara. Baina ez da bidezkoa, mobilizazioaren egunean bertan izandako gertaera batzuk direla eta, aldez aurretik erabakitako ausentzia justifikatzen saiatzea; are gutxiago horien ardura Ezker Abertzalearen edota atzoko manifestazioaren deitzaileen bizkar uztea.
