Turkiako armadak eta haren aliatuek Afrinen kontrako erasoaldi bortitza hasi zuten urtarrilaren 19an. Afrin egun Siriako Iparraldeko Federazio Demokratikoko parte da (Rojava gisa ezaguna zaiguna) eta gerratik ihesi milioi bat pertsona inguru bizi dira bertan.
Turkiako armadak erasoaldi bortitza jarri du martxan bere mugaren segurtasuna bermatzearen aitzakiapean, baina gutxienez oso bestelako beste bi helburu dauzka, alde batetik Siriako mugen barruan kontrolpean dituen zonaldeak handitzea eta bestetik nagusiki Rojavak ordezkatzen duen konfederalismo demokratikoaren eta mugimendu kurduaren kontrako eraso zuzena burutzea.
SORTUk gogor salatzen du Turkiaren erasoa, Turkiako Gobernuak bere jarrera antidemokratikoari eraso hau gehitu dio oraingoan. Herri kurduarekin irekia duen gatazkan gerraren aldeko hautua egin du eta konponbide demokratikoa bilatu beharrean indarrez zapaldu nahi ditu kurduak eta eskualdeko beste herriak. Turkia Siriako krisiaren edozein konponbiderako eta eskualdean bakea iraunkorra lortzeko arrisku bat bilakatu da.
Herri kurduaren eta Konfederalismo Demokratikoaren kontrako erasoaldiaren aurrean tinko erantzun beharra ikusten du SORTUk, horregatik hurrengo egunetan deituriko mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu, adibidez hauetan:
- Iruñea: Urtarrilak 26, ostirala. 19:00. Elkarretaratzea Mercaderesen.
- Gasteiz: Urtarrilak 26, ostirala. 19:30 Elkarretaratzea Correosen.
- Bilbo: Urtarrilak 26, ostirala. 20:00 Elkarretaratzea Arriaga Plazan.
