Espainiako Erresumak hainbat trikimailu erabili ditu Antton Troitiño euskal preso politikoaren aurka, helburu garbi batekin: bere espetxe-zigorra kosta ahala kosta luzatzea. Troitiñok kalean egon behar zuen eta egon behar du.
Parot Doktrina-ren bidez Antton Troitiño modu ilegalean espetxeratzen saiatu ondoren, etorri zen fiskaltzaren eskaria berriz ere espetxean sartzeko. Zigorra modu arbitrarioan luzatzeko prozedura irregular horrek, hain zuzen, eragin zuen Troitiñoren ihesa Londresera. Lehenago ere, Santi Arrozpiderekin egin zuten, eta Alberto Plazaolarekin eta Iñaki de Juanarekin saiatu ziren zigorrak luzatzen. Sorburutik dago akastuta prozedura guztia. Jazarpen arbitrario baten erruz izan ez balitz, inoiz gertatu behar ez zuen ihesaldi bategatik sei urteko zigorra ezarri diote.
Lehen, 24 urtez kartzela-zigorra bete ondoren, espetxealdia sei urtez luzatzea ebatsi dute epaileek asmakizunetan oinarrituta. Eskandaluzkoa eta onartezina da salbuespeneko legedia modu arbitrarioan erabiliz Antton Troitiño ad hoc zigortzea, zuzenbidearen printzipio ororen aurka.
Kartzelak husteko garaia da, ez betetzekoa. Gaurkoa bezalako sententziek mendeku gose itsua eta zuzenbide eza besterik ez dute erakusten, eta urrundu egin nahi gaituzte bake eta bizikidetza agertoki berri batetik.
