ALBISTEAK

 

Aberri Eguna Iruñean eta Donibane Garazin ospatuko ditu SORTUk aurten. Alde batetik, Independentistak Sareak deitutako mobilizazioekin bat egiten du eta igandean, 12:00etan 'Menpekotasunetik askatasunera, burujabe hobe' lelopean Iruñeko Sarasate pasealekutik abiatuko den manifestaziora joateko deia egiten du SORTUk. Bestetik, EH Baik eta Aitzinak ‘Herriak eraiki, herriak erabaki’ lelopean Donibane Garazin ospatuko duten Aberri Egunera joateko ere dei egiten du.

Iruñeko zein Donibane Garaziko deialdiak logika berean datoz, eta funtsezko aldarrikapenak jasotzen dituzte: erabakitzeko eskubidea eta burujabetza. Izan ere, herritarrok nahi dugu erabakiak geuk hartu ahal izatea. Ez bakarrik lurraldetasunari buruz, egunero eragiten diguten gaiei buruz ere baizik: pentsiodunen soldatei buruz, euskararen normalizazioari buruz, soldata-arrakalari buruz, langileen egoerari buruz, eta abar.

Eta inolako injerentziarik gabe erabaki nahi dugu. Betorik gabe. Azken batean, Madrilen eta Parisen esku egon ohi dira azken erabakiak, euskal herritarren esku beharrean. Horregatik behar dugu burujabetza. Horregatik sortu nahi dugu euskal errepublika. Sinistuta gaude burujabetzara salto egiteko hainbat oinarri jarriak direla Euskal Herriko hiru eremu administratiboetan. Orain, HERRItmoa BIZItu behar dugu eta horretarako ezinbestekoa da indarrak biltzea burujabetzaren alde.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.