ALBISTEAK

Iratxe Sorzabal euskal preso politikoaren espainiaratzea onartzeko ala baztertzeko prozeduran, gaur amaituko da Espainiako erresumak informazio osagarria bidaltzeko epea. Sorzabal 2015ean atxilotu zuten polizia frantsesek eta Espainiako erresumak estraditatzeko hiru euro-agindu aurkeztu zituen. Kontua da aurretik, 2001ean, Guardia Zibilak atxilotu zuenean tortura lazgarriak pairatu zituela, bere testigantzak eta hainbat irudi grafikok agerian utzi zuten moduan eta Istanbulgo Protokoloak egiaztatu zuen moduan. Froga horiek sinesgarriak dira epaile frantziarrentzat eta horregatik eskatu zioten Espainiako erresumari informazio osagarria.

Sorzabalek epaimahaiaren aurrean erakutsitako jarrera bere egiten du SORTUk. “Garaia da torturaren aurrean erreakzionatu dezan justizia frantsesak. Adorea behar da, baina zuena de erabakia”, adierazi zuen. Izan ere, torturaren praktikak hainbat konplizitate eta laguntza behar izan ditu denboran irauteko. Bestela ezinezkoak ziratekeen Kriminologiaren Euskal Institutuaren eta EHUren txostenak jasotzen dituen milaka kasu horiek. Torturak sare bat behar du, polizia indarrek, mediku forentseek, epaileek, hedabideek eta alderdi politikoek ehuntzen lagundu dutena, sustatu dutena.

Frantziako, Espainiako, EAEko eta Nafarroako gobernuei eskatzen diegu neurri legalak artikula ditzatela tortura kasuak berriro ere gerta ez daitezen. Eta pairatu duten guztiei erreparazio eskubidea aplika dakiela zentzu guztietan: judizialki, politikoki, psikologikoki eta gizalegez.

Sorzabalentzat eta tortura salatu duten auzipetu eta zigortu guztientzat eskatzen dugu haien epaiak edo martxan diren eginbide judizialak baliogabetu daitezela. Torturak kutsatutako eginbide judizial guztiek berrikusita baliorik gabe gelditu behar dute.

Tortura eta tratu ankerrak gerra-krimen gisa hartu ohi dira. Espainiako Estatuak independentismoaren aurka erabili du tortura, gerrako arma modura. Tortura ukatu nahi dute gatazka politiko bat dagoela ezkutatzeko eta ezker abertzaleak errelato propioa duela saihesteko. Egin digutena kontatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu.

 

 

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.