ALBISTEAK

 

Indar bat sortu zen gure herrian,
munduko beste leku askotan legez.
Askatasuna nahi zuen bere herriarentzat, bere jendartearentzat.
Ez zen munduan lehena, ez zen azkena izan, ez eta bakarra ere.
Euskal Herria ez da sekula bakarrik aritu.

Zuen herrien askatasunaren aldeko borroka gu guztiontzat duintasunaren eredu izan da. Borroka horietan, gainera, ez duzue inoiz Euskal Herriarekiko elkartasuna bide bazterrean utzi. Horrexegatik, gaur gure esker ona adierazi nahi dizuegu. Ez zarete bidea bakarrik egiten ari. Gu ere ez gara bidea bakarrik egiten ari.
Azken hamarkada hauetan, munduko hainbat txokotan, mugimendu iraultzaile eta aurrerakoiek eginiko lana eta borroka aldarrikatzeko unea da hau. Bakoitza bere ezaugarri propioekin, baina guztiok helburu berarekin: herria eta herritarrak askatzea, hala mundu hobea eraikiko dugula sinetsita.
Baldintzak ez dira inoiz errazak izan, ezta orain ere. Milioika pertsona miseriara kondenatu dituen kapitalismoak, inperialismoaren interbentzio militarrek eta etengabeko esku-hartze politikoek edo baliabide naturalen neurrigabeko esplotazioak egoera larri honetara ekarri gaituzte. Gerra, gosea, pertsonen esplotazioa eta baliabideen xautzea etengabeak dira munduan.
Gaza, Ahmed, Soweto, Managua, Montevideo, Belfast, Medellin, El Aaiun, Ajaccio, Ahuachapan, Bilbo, Guayaquil edo planetako beste edozein lekutan, gaur egungo erronkak izugarriak dira, erronka politikoak eta ekonomikoak ez ezik, baita sozialak eta kulturalak ere. Erabat demokratikoak izango diren sistema politikoak ezartzeko, jendarte feminista eta ez-patriarkarraren bidean, babesgabeenen eskubideak bermatzeko, gazteei oraina eta etorkizuna eskaintzeko, geure herrientzat eskubide nazionalak berreskuratzeko, geure kultura eta hizkuntzen etorkizuna bermatzeko...
Herri guztiak, pertsona guztiak, eskubide guztiak.

Indar bat sortu zen aspaldi gure herrian,
munduko beste leku askotan legez.
Beste aro bat zabaltzen da orain Euskal Herrian.
Hemen bildu garen herriekin batera,
bide bat zeharkatzen ari gara, elkarrekin eta elkarlanean.
Duela 60 urte bezala, munduko beste esperientzia batzuekin batera,
askatasunen bidean jarraitzen dugun eta herritik sortu zen indar horixe gara.

 

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.