ALBISTEAK

Urko Aiartzari elkarrizketa Info7 irratiko Kale Gorrian saioan. Sortuko ordezkaria Hegoafrikan da, Mandelaren omenez antolatutako ekimenetan parte hartzen.

Entrevista a Hasier Arraiz en el programa Boulevard de Radio Euskadi:

 


Hasier Arraizi egindako elkarrizketa Berria egunkarian:

Eusko Legebiltzarrean bakegintzari buruzko osoko bilkuraren eta EAJrekin egindako bileraren ostean hartu zuen BERRIA Hasier Arraizek (Gasteiz, 1973), EH Bilduko legebiltzarkide eta Sortuko koordinatzaile nagusiak, ostegunean, Nelson Mandela hil aurretik. Kezkatuta dago egoera politikoarekin, sozialarekin eta ekonomikoarekin, baina konponbideak ere ikusten ditu. Euskal bidea deitu diotena da horietako bat. "Beharrezkoa da EAJ eta gu elkar ulertzen eta elkarrekin lanean hastea. Pixkanaka-pixkanaka egin beharreko kontua da. Baina egunen batean Euskal Herriak bere osotasunean etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki ahal izatea nahi badugu, EAJrekiko elkarlana ezinbestekoa da. Eta ez EAJrekin bakarrik. Helburu horrekin bat egiten duten eragile denekin".

Estatus berriari buruzko bilera egin berri duzue EAJrekin. Zer moduz?

Ondo. Oinarri komun bat egon daiteke bidea egiten hasteko.

Zein da oinarri hori?

Batetik, guk diogu estatutua eta hark emandakoa erabat agortuta dagoela, eta beraiek ados daude herritarren borondatea "gaurkotu" beharra dagoela. Bestetik, bai batzuek, bai besteok estatus berria Euskal Herriaren nazio aitorpenarekin eta erabakitzeko eskubidearekin identifikatzen dugu. Hori abiapuntu egokia da.

Batzorde txostengilea abiatuko duela jakinarazi du EAJk. Espero duzu PSE-EE eta PP ere batzordera batuko direla?

Guk dei egin diegu biei. Pentsatzen dugu haiek ere Euskal Herrian dauden sentsibilitate politikoak ordezkatzen dituztela, eta beharrezkoa dela haiek ere parte hartzea. Noski, guk diogu guztiok aintzat hartu beharko genukeela Euskal Herriaren nazio izaera, eta, horren ondorioz, subjektu politikoko izaera eta erabakitzeko eskubidea. Horregatik, bi talde horiei dei egiten diegu hori onartu eta abiapuntu horretatik gurekin batera bidea egiten hasteko. Baina ez gara oso baikorrak.

Ez al dago arriskua bake batzordearekin gertatutako gauza bera gertatzeko?

Gerta daiteke. EAJko ordezkariek esan digute Gernikako Estatutuak lortutako adostasuna baino zabalagoa lortu nahi dutela, eta, horretarako, EH Bildu funtsezkoa da; baina, beste alde batetik, onartzen dute erabakitzeko eskubideak definitzen duela estatus berria. Hor, paradoxa bat dago. Ikusi beharko da momentukoa den edo iraunkorra izango den.

Iñigo Urkulluk politika orokorreko eztabaidan behin eta berriz esan zuen kontsentsua beharrezkoa dela gai honetan. Denok apur bat utzi beharko duzue bidean... edo?

Guztion gustukoa izan daitekeen proposamen bat egin beharko da, edo ahalik eta gustukoena denontzat. Baina erabakitzeko eskubidea onartzen da edo ez da onartzen. Eta, gure ustez, printzipio demokratiko bat da. Azkenean, herritarrek erabaki behar dute zer izan nahi duten eta nola bizi behar duten. Zoru demokratiko bati buruz hitz egiten ari gara. Guztiok onartu behar genuke, eta are gehiago egungo testuinguruan, Katalunia dago, Eskozia...

Baina gu hemen gaude, Eusko Legebiltzarrean. Baikor zaude?

EH Bildukook askotan izaten dugu sentsazioa legebiltzar hau denbora kapsula bat dela. Ikusten dugu hemen nola jokatzen duten, nola hitz egiten duten, eta ematen du duela bi urte baino gehiagoko egoeran gaudela. Hemen talde politikoak non dauden eta euskal gizartea non dagoen zeharo desberdina da.

Talde horiek ere ordezkatzen dute gizarte horren zati bat. Ez?

Nik uste dut talde horiek ere urruntzen ari direla beraien oinarri sozialen zati batetik ere. Eta ez naiz hainbeste ari PPri buruz, baina bai PSEren zati bati buruz.

Bai zuek eta bai EAJk PPri eta PSEri bake batzordera batzeko deia egin diezue. Gertatuko dela uste duzu?

Eztabaida ikusita, ez dirudi baikor izateko arrazoi askorik dagoenik. Guk erraztasunak eman behar ditugu haiek batzeko, baina, beste aldetik, uste dut, bakea eta elkarbizitza inportanteegiak direla halako arduragabe batzuen esku uzteko. Beraz, haiek ez badute eremu horretan lan egin nahi, lan egiteko prest gaudenok aurrera jarraitu beharko dugu. Garai politiko berri honetan legebiltzar honek ezin dio bere buruari onartu bakea eta normalizazio politikoa lortzeko tresna baliagarria ez izatea.

Eta EAJ ados dago, edo bakarrik zaudete?

Orain arte egia da ez dutela aurrera egiteko keinu handirik egin, baina uste dut sinesten hasi direla bestela ezin dela aurrera egin.

Eztabaidan Aresek proposamena egin dizue zuei. "Terrorismo guztiak" gaitzesteko proposamena zen. Beraiek torturak, estatu terrorismoa eta GAL bera gaitzetsiko dituztela eta zuek ETA gaitzesteko. Baina ez diozu erantzun...

Nik esan dut horretaz hitz egiteko prest gaudela, baina batzordean.

Berak gaitzespen hori egingo balu, zuek egingo duzue?

Hitz egingo dugu batzordean.

Otsailean hartu zenuen Sortuko koordinatzaile nagusi kargua. Ordutik gatazka konpontzeko prozesuak zer egin du, aurrera edo atzera?

Atzera.

Zergatik?

Egoera politikoa kaskartu egin da oro har. Aurrerapenak egon dira, eta esango nuke nagusia Estrasburgoko epaiaren ondorioz hainbat lagun kalera ateratzea izan dela...

Baina hori ez da prozesuaren kontua, auzitegiek beren bidea egin dutelako etorri da.

Halaxe da. Espainiako Estatuak argi eta garbi erabakita dauka ez duela pausorik emango, ez orain eta ez gero. Eta oso gauza larriak ikusi ditugu: Herrira-ren kontrako operazioa, espetxe politika are gehiago gaiztotzea... Sortu, Bildu eta Ernai legez kanpo uzteko mehatxuak, espioitza politikoa, Madrilen egiten ari diren makroepaiketak... Horiek ez dute inondik ere adierazten garai politiko berri batean gaudenik. Baina guk baietz uste dugu, aukera paregabea dugulako bake eta normalizazio demokratikoa eraikitzeko. Baina egia da ez dugula inolako laguntzarik edo erraztasunik izan.

Desarmatzearen eta presoen inguruan urratsak iragarri zenituzten irailean. Abenduan gaude. Laster zerbait espero duzue?

Egia da orduan agian sortu behar ez ziren espektatibak sortu genituela. Uste genuen foro sozialaren dinamika piztu egingo zela udazkenean, elkarlan berrietarako aukerak egongo zirela, eta haien fruitu, aurrerapausoak egongo zirela. Egia da hori ez dela gertatu, eta zailtasunak izan ditugula gauza horiek nahi genuen abiaduran gerta zitezen.

Arazoa abiadan dago? Edo desadostasunak daude?

Gehiago da epe eta erritmo kontua. Baina egia da giro politikoa argitu beharrean ilundu egin dela. Adibidez, talde politikoen artean zeuden harreman batzuk hoztu egin dira. Eta ikusi dugu modu kezkagarri batean eragile politiko batzuek atzera egin dutela beraien posizioetan.

Zeini buruz ari zara?

Parte hartze eta inplikazio handiagoa espero genuen, esate baterako, EAJren aldetik. Bestalde, PSEren kasuan ikusi dugu nola ari den atzera egiten, gero eta gehiago. Duela bi urte hurbilago zegoen gaur egun dagoen baino. Horrek ere kezkatzen gaitu. Baina ez da bakarrik talde politiko horien jarrera, baizik eta inguruan sortzen den guztia. Adibidez, komunikabideek sortzen duten giroa. Aurrera egin beharrean atzera egiten ari da zentzu askotan, eta atzera egite horiek beste atzerapauso batzuk ere ekartzen ditu. Horretan dena zangotrabatzen da eta korapilatzen da.

Itxaropenerako tarterik ba al dago?

Baietz uste dugu. Batetik, zenbait kontu argitu da, eta hori da, adibidez, estatuaren jarrera. Gaur egun oso argi daukagu konponbidea Euskal Herritik Euskal Herrira landu beharko dugula. Estatutik ezin daiteke ezer espero, beraiek nahiago baitute gatazka politikoa iraunkortzea. Orduan, guk gure ondorioak atera ditugu eta lan egiteko beste modu bat planteatzen ari gara. Adibidez, hemendik gauzak egiten hastea, nahiz eta batzuetan kostatu. Horrek bere fruituak emango dituela uste dut.

Hala ere, ezin da ukatu gauza batzuetan giltza Madrilek daukala. Presoak gerturatu edo ez Espainiako Gobernuaren esku dago, adibidez.

Bai, eta hori izan da frustrazioa sortu digun faktore nagusietako bat. Baina guk kontuan hartzen dugu, eta espetxetik ere esaten digute beraiek militante politikoak direla, badakitela zergatik dauden espetxeetan. Badakite oraintxe bertan estatuaren zigor jarrera anker hori pairatzen ari direla. Baina proiektu politiko honen parte dira, eta beraien jarrera estrategia berrian aurrera egitea da.

Egoera barneratu eta beraien esku dauden urratsak egitea?

Bai. Jarrera hori daukate. Guri hori jakinarazi digute.

Kargua hartu zenuenean BERRIAn esan zenuen abangoardiak kalean egon behar zuela, eta instituzioek haien zerbitzura lan egin behar zutela. Hala ari al da gertatzen?

Euskal Herrian kalean gertatzen dena kezkagarria da. Batzuk askotan kalean egoten dira, baina, kalean ez da egoten egon behar duen jende guztia. Gertatzen ari den guztia kontuan hartuta, kaleek protestan ari den jendez gainezka egon behar lukete. Egia da mobilizazio asko daudela, protesta asko daudela, baina ez gara asmatzen ari erantzun horiek bateratzen. Zuzenean kaltetutakoek bakarrik hartzen dute parte protesta eta ekitaldi bakoitzean. Ez gara kapazak izaten ari erantzun bateratua emateko. Gaur egun ezker osoak egin beharreko autokritika bat da. Ez da alderdi batzuen gaitza, baizik eta ezkerreko alderdi batzuena, herri mugimenduena, eta baita sindikatuena ere. Ez gara asmatzen ari.

Zerk egiten du huts?

Iruditzen zait guk gure ustez garrantzitsuak diren gauzak egiten ditugula, baina ez dakit gauza horiek hain garrantzitsu iruditzen ote zaizkien kalean nahiko genituzkeen herritar horiei.

Zubi gehiago eraiki behar dira?

Sortuk eta ezkerreko beste indar politiko batzuek, sindikatuek eta herri mugimenduek lan egin behar dugu berriro jendearengana helarazteko borrokaren balioa zein den. Euskal Herrian ere oso barneratuta dago indibidualismo hori. Norberak bereari begiratzen dio, eta horrek uxatu egiten du borrokaren beraren balioa. Horrek izan behar luke gure lehentasuna, borrokaren balioa gogoraraztea, gauzak aldatzeko. Horretan denok bat egitea, egoera larriaren aurrean erantzun osoa eman dezagun. Etsipenean erori gabe, aldaketari bidea jartzea.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.