Rufi Etxeberriari elkarrizketa egin dio Sustrai Colinak Argia aldizkarian. Hona hemen elkarrizketa:
1959an Oiartzunen hasten da zure errelatoa.
Eskola nazionaletan jaso genuen hezkuntza akademikoaren lehen zatia. Gure irakaslea frankista izugarria zen, euskaraz mintzatzeagatik zigortu eta kolpatu ez arren. Bestalde, Elizak sekulako indarra zuen. Ni hileko lehen ostegunean konfesatzera eta lehen ostiralean jauna hartzera joaten zen belaunaldikoa naiz. Hori hala, egia da etxean apenas hitz egiten genuela politikaz. Amaren osaba hiru urtez egona zen espetxean, eta aita zena 18 urte beteta beharturik eraman zuten Nazionalek Ebroko frontera. Iragan latz horrek eta giro sozialean arnasten zen beldurrak eragina zuen etxean, eta semeak babesteko gurasoek nahiago izaten zuten politika ekidin. Ni baserri txiki batekoa izan ordea, eta esnea banatzen genion inguruko etxe bateko semearen bila joan eta aurkitu ez zutenez arreba biak eraman eta torturatu zituzten. Horrek zein 1970 hasieran Oiartzunen izandako atxiloketa ugariek barrenak mugitu zizkidaten eta kontzientzia baten premisak ernarazi. 14 urterekin Oreretara pasa ginen eskolara, beste errealitate batekin egin genuen topo, beste harreman batzuekin, eta hor egituratu zen militantziara eramango ninduen gorputz politiko ideologikoa.
Hasier Arraizi bart gauean ETB1eko Azpimarra saioan egin zioten elkarrizketa hemen.
Hasier Arraiz elkarrizketatu zuen Berriak igandean. Herritarrek dute estatua desblokeatzeko giltza, Arraizek dioenez. Murrizketa gogorren ostean gizartea shock egoeran dagoela uste du, baina suspertu eta borrokan hasiko den segurantza dauka.
Legez kanporatzeen aroa amaitu al da?
Nahiko genuke, eta pentsatzen dugu horrela izan beharko lukeela. Baina ez gaude horretaz hain seguru. Batez ere, iruditzen zaigulako Espainiako eskuineko sektore zabal horretan badirela batzuk inboluzio birak egin nahi dituztenak, legez kanporatzeen zikloa bukatu nahi ez dutenak. Eta ez da bakarrik Sorturen egoera. Nabarmendu nahi nuke euskal gazteriaren egoera. Sortzen ari den gazte erakunde berriko kide batzuek jasan behar duten jazarpena. Horrek ere adierazten du batzuek ez dutela legez kanporatzeen zikloa bukatu nahi fase politiko berri honetan egon arren.