Pasa den urtean, makro-datuen bonbardeo mediatikoari aurre egingo dioten informe sozioekonomikoak kaleratzea erabaki genuen Sorturen Sozioekonomia lantaldean. Ildo horretan, 6 hilero, koiuntura datuen irakurketa egin eta gai bat sakonean aztertzea erabaki genuen.
Lehen txostenean, "Kapitalismoaren ondorioak Euskal Herrian", bereziki industriaren gainbeherari erreparatu genion: telebista eta komunikabide handiek sinistarazi nahi digutenaren kontrara, Lehman Brothersen erorketarekin agerian utzitako finantza- eta adreilu-krisiak gure ehun industrialaren desegitea bizkortu du, azken 6 urtean 75.500 lanpostu suntsitu baitira industrian, eraikuntzan baino 15.000 eta zerbitzuetan baino ia 70.000 lanpostu gehiago.
Bigarren txostenean, "Kapitalismoa eta aberastasunaren banaketa Euskal Herrian", lehen zatian, langabezia, prekarietatea eta pobreziari erreparatu GENION. Txostenaren bigarren zatian, aldiz, aberastasunaren banaketari begiratu genion kapitala-lana harremana errentetan aztertuz.
Hirugarren txostenean, "Independentzia vs. langabezia eta prekarietatea", aztertu dugu Espainiara begira jarraitzeak industria-basamortura kondenatzen gaituela eta nola Espainiara lotuta jarraitzeak langabezia eta prekarietatera kondenatzen gaituen:
Espainiara begira jarraitzeak industria-basamortura kondenatzen gaitu.
Nahiz eta gure egitura ekonomikoak Alemaniakoaren antz handiagoa izan, Espainiakoaren bide bera jarraitu du:
- Industrian ia herena izatetik, laurdenera ez iristera pasa gara eta 7 urtetan 75.000 lanpostutik gora suntsitu dira.
- Prekarietatea nagusi den zerbitzuetan gora egin dugu. Industrian, batez beste, zerbitzuetan baino 6.500 euro gehiago irabazten dira: industriako batez besteko soldata 31.000 eurokoa den bitartean, zerbitzuetako soldata 24.500 eurokoa. Eta desberdintasun hori areagotzen ari da.
Espainiara lotuta jarraitzeak langabezia eta prekarietatera kondenatzen gaitu.
Espainiako lan-erreformek langileon kontrako lan-harremanetara eraman gaituzte:
- 199.651 pertsona daude langabezian Hego Euskal Herrian. 2 langabetutatik 1ek 2 urte baino gehiago daramatza langabezian.
- Prekarietatea jendarte osora hedatu da, baina bereziki emakumeen artean: lan partzialetan % 80 emakumeak gara eta lan partzialen % 60 gogoz kontrakoa da.
- Gure herriaren etorkizuna bahitzen ari zaizkigu: gure gazteek formakuntza europarra jasotzen badute ere, enplegu espainiarra eskaintzen zaie, hau da, langabezia eta prekarietatea, kasu askotan atzerrira joatea (75.000tik gora 2008tik).
- Langabezia eta egoera prekarioa pairatzen duten pertsonak Hego Euskal Herrian % 25 dira jada, 346.800 gizon eta emakume.
Testuinguru ekonomiko honetan, krisia erabiltzen ari dira aberatsak geroz eta aberatsago eta pobreak geroz eta pobreagoak bihurtzeko eta, beraz, Espainiara begira jarraitzeak industria-basamortura kondenatzen gaitu eta Espainiara lotuta jarraitzeak langabezia eta prekarietatera kondenatzen gaitu.
SO 3.zbk:Euskal Herriaren bestelako begirada ekonomiko eta soziala
Independentzia vs. langabezia eta prekarietatea