Klase-gatazkak bere gordintasunean dirau. Horixe izan zen, Sorturen bigarren informe sozioekonomikoan, Euskal Herriko aberastasunaren banaketa lehen mailan aztertu genuenean, aipatu genuen lehen ondorioa: aberatsak geroz eta aberatsagoak diren bitartean, langile-klasea eta herri-sektoreak geroz eta pobreagoak gara. Gainera, kapitalismo globalizatuari estatu espainoleko elite ekonomikoen basakeria gehitzen badiogu, panorama are lazgarriagoa antzeman dezakegu. Ekonomia hobetzen ari dela badiote ere, hobetzen diren bakarrak bakan batzuen poltsikoak baitira, euskal jendartean dualizazioa areagotzen ari da eta langabezia eta prekarietatea jaun eta jabe dira: Hego Euskal Herrian 200.000 langabetu ditugu, horien erdiak bi urte baino gehiago daramatza langabezian, 400.000 pertsonatik gora bazterketa soziala eta pobrezian edo beronen arriskuan, kontratu berri gehienak gogoz kontrako partzialak eta behin behinekoak dira, soldatak modu basatian ari dira jaisten zenbait sektoretan...
Egoera hori guztia, ordea, ez da inork kontrola ezin duen krisi-egoera baten ondorio, kapitalismoaren beraren ondorio baizik. Ez da egia aberastasunik ez dagoela, aberastasun hori geroz eta okerrago banatzen dela baizik. Kapitalismoak, bere horretan, kapitalaren metaketa eta zentralizaziorako joera du; hau da, kapitalismoak mutur baten aldeko banaketa egiten du: langileak pobretzen ditu aberatsak are aberatsago bihurtzeko. Eta horixe ikusi dugu errentaren banaketa aztertzerakoan: azken 3 hamarkada hauetan, langileon errentak kapitalaren errenten mesedetan murriztu dira. Kapitalismoaren joko-zelaian dihardugu eta galtzen goaz, gol askoz gainera.
Baina ez gaitezen soilik soldatetan geratu eta joan gaitezen arazoaren muinera: nork erabakitzen du? Nork du boterea? Mundu globalizatuko Europa neoliberal honetan, transnazionalek erabaki eta politikariek haien aginduak betetzen dituzte eta erabaki horiek gaur egun topa ditzaketen mugak (hamarkadatan borrokatutako hainbat eskubide oraindik bermatzen dituzten legeak) egun batetik bestera desagertuko dira TTIParekin. Euskal herritarrok gutxi batzuen mesedetan aritzen den demokrazia burges espainol eta frantsesera lotuak izaki, 4 urtez behin bozkatzera mugatuta nahi gaituzte, nola Europar Batasuneko zein Estatuetako elite ekonomikoek, hala tokiko oligarkiek ere. Lau urtez behin bozkatu, etxean geratu eta isilik egon.
Bitartean, gure diruarekin obra faraonikoak eraikiko dituzte, espainiar lan erreformak otzan onartzera behartu nahi gaituzte, gure industriaren suntsiketaren aurrean Tapiaren marketing politikoarekin kontentatzea nahi dute eta, oro har, langabezia hedatu eta bizitza prekario batetara kondenatuz. Aipatu botere ekonomikoek agindu, Bruselak eta Madridek arautu, bertako gobernuek onartu eta, nola ez, euskal herri langileak pairatzen ditu ondorio horiek guztiak.
Horrexegatik, gure eginbeharra, hemen eta orain, XXI. Mendeko Euskal Herrian, Euskal Sozialismoa helburu izango duen Estrategia Independentista Eraldatzaileari ekitea izango da, urratsez urrats eta esparruz esparru. Lehenik eta behin, hautsa astindu eta kalera irten behar dugu, inguruan duguna ongi aztertu eta herri-borroketan parte hartu. Zentzu horretan, azpimarragarria da ikasturte honetan LAB sindikatua burutzen ari den mobilizazio-prozesua, maiatzaren lehena inflexio puntu gisa hartuta, ekainaren 3ko borroka-astean amaituko dena. Ofentsiba neoliberalari aurre egiteko ezinbesteko dugu antolatu eta lantokietan zein kalean aurre egitea. Eta gogora dezagun ofentsiba horrek hamaika aurpegi dituen heinean, hamaika arlo eta modutara erantzun behar diogula. Hala, erantzun hutsean gelditu beharrean, sortukideok eraikuntzari ere ekiteko tresnak eta baliabideak sortu behar ditugu, herritarrekin batera elkarlanean, demokratizazio-prozesu sakonak burutzeko aukerak eskainiko dizkiguten proiektu zein ekimenetan parte hartuz. Herritarron ahalduntzea izango baita etorkizuneko iraultzaren ernamuina.
Bestalde, ideien borrokarekin etenik gabeko jardueran jarraitu behar dugu, tresna eta baliabide berriak sortuz hainbat alor garrantzitsutan: euskal estatuaren beharra ikuspuntu sozioekonomiko batetik, euskal sozialismoaren eguneraketa eta estrategia sozioekonomikoaren eztabaida. Horiek guztiak, ABIAN prozesuan izendatuta bazetozen ere, ukaezina da birfundatuko dugun Sorturen egiteko garrantzitsuenetan eztabaida horiek antolatu, garatu eta mamitzea ditugula, nazio mailako arduradunetatik hasi eta herriko militante oro hartuko duen soka luzean lotuta.
Ekin diezaiogun, beraz, lanari, antolaketaz eta erabakimenez. Hori guztia aldarrikatzera goaz maiatzaren lehenean. Euskal langile herria kalera, Euskal Sozialismoaren bidean, Euskal Estatua tresna ahaltsu bilakatzera!
SORTU
Gora Maiatzaren Lehena
2016-5-1
