ALBISTEAK

Sortuk gaur Gasteizko Zabalgana auzoan gertatu den etxegabetzea salatzen du. Injustizia hauekin amaitzeko garaia da. Administrazio publikoaren zeregina etxebizitza eskubidea bermatzea izan beharko luke eta ez herritarrak euren etxeetatik botatzea.

Anastasia adin txikiko bi seme-alabaren ama da. 800 euroko DSBE jasotzen duena abuztutik eta 325 eurotako alokairua ordaindu beharra dio Alokabideri hilero. Ez da hilabete amaierara iristen. Eusko Jaurlaritzak Ertzaintza bidali du gaur bere etxetik botatzeko.

Kapitalismoan eta bere oldarraldi neoliberalean bereziki, herritarron bizi baldintza ekonomikoetan zuzenean eragiten diguten funtsezko bi elementu daude: enplegua eta Etxebizitza. Azken urteetan krisiaren aitzakiapean egoera okertu baino ez da egin: enplegua izatea ere gaur egun ez da, inondik inora, bizi-baldintza duinerako bermea; alta, enplegua izanik ere DSBE gisako laguntzak jasotzen dituzten 14.000 pertsona dago EAEn. Zer esanik ez, Hego Euskal Herrian 200.000 langabetura iritsi garen honetan.

Etxebizitza, oinarrizko eskubide unibertsal gisa hartu beharrean, merkantzia huts bihurtzen du kapitalismoak eta merkantilizazioak espekulazioa baino ez dakar, azken hamarkadetan Euskal Herrian egiturazko arazo bihurtzeraino. Krisi deitu duten hori hasi zenetik, milaka familia izan dira etxegabetuak Euskal Herrian eta milaka eta milaka gazte eta heldurentzat ere euren familiekiko emantzipazioa ezinezko bihurtu da.

EAJk EAEko egoera uneoro estatu espainiarrarekin alderatuz EAE bera oasi gisa irudikatu nahi du. Egunero hiru etxegabetze exekutatzen dira ordea.

Egungo egoera soziala oso larria da eta, Sorturen ustez, egoera honen aurrean erakunde publikoek herritarron eskubideak bermatzea izan behar dute helburu.

2015eko ekainean EH Bilduk proposatuta etxebizitza eskubidea bermatzen duen legea onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. EAJk bozkatu zuen. Herritarrak erreskatatu eta zerbitzu publikoen bidez hauen ongizatea bermatu baino nahiago du horiek pribatizatzea edo Kutxabank erreskatatzea.

Etxebizitza Legea Espainiako Gobernuak inpugnatu egin zuen ordea eta egun standby egoeran dago. Hala, Espainiar Estatuak eta 78ko erregimen ustelak erabakitzen du gaur Euskal Herrian zer nolako etxebizitza politika behar dugun, langileok ze baldintzatan lan egin behar dugun, euskaldunon gutxieneko soldata zein izan behar duen edo jubilatzean zenbat kobratu behar dugun.

Espainiar estatuaren parte izateak krisi sakonean murgilduta jarraitzera kondenatzen gaitu eta gainera euskal herritarrok behar ditugun irtenbide eta baliabideak ukatzen dizkigu.

Inoiz baino beharrezkoagoa dugu herritarron eskubideak bermatuko dituen Estatu duina eta hori ez da Espainiar Estatua, Euskal Errepublika Soziala baizik. Herritarrei dei egiten diegu etxegabetzeean aurkako mobilizazioetan parte hartzeko.

Azkenik, aukera ederra dugu irailaren 25eko hauteskundeetan halako gertaerei bidea isteko, aldaketa politiko eta sozialaren aldeko indarrak bozkatuz. EH Bildu da horretarako bermea.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.