Mugimendu feministaren urteetako lanari esker jendarte osoa indarkeria matxistaren aurka dagoela esan genezake. Matxismoak eragindako indarkeriaren izebergaren tontorra ageriko indarkeria da, erailketak, bortxaketak, sexu erasoak... guztiok ikusten ditugu.
Aurten Euskal Herrian matxismoak 7 emakume erail ditu eta urtarriletik abuzturako tartean indarkeria matxistagatik Hego EH-an 3.545 salaketa jarri dituzte. 10 erasotatik 2 soilik salatzen direla kontuan izanik egunero 75 eraso izango lirateke.
Aitzitik, izebergaren behealdean emakumeekiko gutxiespenak, publizitate sexista, mikro matxismoak, xantaia emozionalak... daude, emakumeak bigarren mailako biztanleak egiten gaituen indarkeria ikusezina. Zapalkuntza horren baitan badira zapalkuntza anitzak pairatzen dituzten emakumeak; -dibertsitate funtzionaldunak-, prekarietate ekonomikoan dauden emakume etorkinak edo gerratetik ihesian dauden emakume errefuxiatuak, haien gorputzetan indarkeria matxista are bortizkiago pairatzen dutenak.
Bitartean badira pankartaren atzean indarkeria matxistaren aurka kokatzen direnak jatorrian dagoen egiturazko desberdintasunari so egin gabe. Indarkeria matxistaren aurka kalera ateratzeak ematen den testuingurua eta jatorria kontuan izan barik, ez du haren desagerpenik ekarriko. Indarkeriak jatorri estrukturala duen heinean, hari aurre egiteko neurriak eta erantzunak integralak behar dute izan, beharrezkoak diren baliabideak eskainiz.
Sortuko militanteok indarkeria matxistaren aurrean subjektu aktiboak izateko konpromisoa daukagu, gure egunerokotasunean, norbera bere eremutik, pertsonen arteko harremanetan, udalean aurrekontuen murrizketen aurrean, partaide garen elkartean....indarkeri matxistaren aurka jendarte justuago, berdinzaleago eta feministago baten alde lan eginez.
Bide honetan Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioekin bat egiten dugu eta ostiralean ere kalean izango gara.
Erasorik ez erantzunik gabe!
Gora Borroka Feminista!
Ekimena
Indarkeria matxista egiturazkoa mantentzen duten, instituzioak, balio sistema eta jarrerak salatzeko lau ekimen burutu ditugu. Ekimen honen bitartez indarkeria matxistak dituen milaka aurpegien kasu batzuk salatu ditugu:
- Gasteizen arropa denda baten aurrean edertasun irudi estereotipatuaren jazarpenak eta presioak eta publizitate sexistak emakumeon gorputzengan izugarrizko ondorioak ditu. Gure gorputzak burujabeak eta askeak maite ditugu!
- Portugaleten erasotzaileekiko babes jarrerak onartezinak direla salatu dugu.
- Iruñeko familiaren omeneko monumentuan familietan pribatutasuna aitzakiaz isiltasun hitzarmenak eman dira indarkeria ikusezina bihurtu. Aurten eraildako 7 emakumeetatik 3 adin txikikoak izan dira, erasotzaileak amak ziren emakumeekiko mendekuz erailak.
Indarkeria matxistari aurre egiteko herri oso bat beharrezkoa da, 1995 urtean Ibarran mugimendu feministak erasotzaile baten aurka burututako ekimena argazki erraldoiaren bitartez gogoarazi dugu.
Minutu bateko bideoan honetan indarkeria matxistaren aurka gure konpromiso irmoa adierazi dugu.
OHARRA: Extintoreen bidez zabaldutako hautsak %100 naturalak eta biodegradagarriak dira, erabat kaltegabeak eta urarekin kentzeko modukoak. Ez dute inolako minik eragiten ez pertsonetan ezta objektuetan ere. Arto irinez eta elikagaientzako kolorantez egina da.