SORTUk bere aurkako jarrera azaldu nahi du Fermin Vila agintari espainiarren esku uzteko Erresuma Batuko epaile batek hartutako erabakiaren aurrean.
Azpimarratu behar da Fermin Vilak berak behin baino gehiagotan salatu zuela bere kontrako aitorpenak torturapean lortu zirela; gure ustez, Zuzenbide Estatu batek inoiz ezin du babesik gabe utzi bere kontrako aitorpenak lortzeko tortura eta tratu txarrak pairatu dituen inor.
Beraz, gure kezka azaldu nahi dugu Fermin Vilak Espainiako agintarien aldetik jasan lezakeen tratuaren aurrean. Tratu txarrak eta zuzenbidearen kontrako espetxe legediaren aplikazioa ohikoa da Estatu espainolean, eta beraz, Erresuma Batuak onartu du Espainiaren esku uztea bere eskubiderik oinarrizkoenak urratuak izan ditzakeen pertsona bat.
SORTUk agintari europarrei eta bereziki britainiarrei dei egin nahi die Euskal Herriko bake prozesua laguntzeko eta bakearen etsaiei inongo babesik ez emateko; Fermin Vilaren kasuan bezala bakearen etsaiek eskura dauzkaten bitarteko guztiak erabiltzen dituzte euskal bake prozesua hondoratu eta gatazka politikoaren konponbide demokratikoa eragozteko. Garaia da espetxeak husteko eta ez preso politiko gehiagorekin betetzeko.