ALBISTEAK

Lehenik eta behin, Sortuk Tomas Madinaren atxiloketa salatu nahi du eta bere kezka adierazi galdakaoztarrak Guardia Zibilaren eskuetan jasan dezakeen tratuaren inguruan. Ezagunak dira gure herrian Guardia Zibilak zer nola praktiken bidez lortzen dituen informazio eta autoinkulpazioak.

Era berean, Madinaren senide eta lagunei elkartasuna osoa adierazi nahi die Sortuk. Konponbidearen eta bakearen etsaien beste eraso berri baten aurrean aurkitzen gara. Guardia Zibilak agenda propioa du bakearen aurka eta Espainiako botere judizialaren eta PP eta PSOE alderdien sostenguarekin gauzatzen du.

Guardia Zibilaren bozgorailu lanetan diharduten hainbat hedabidek kaleratu duten informazioek muntai polizial berri baten aurrean adierazten dute.

Horrela bada, honako mezua helarazi nahi dio Sortuk euskal jendarteari:
• Ezin dugu onartu indar polizial eta politiko arrotzek gure herriaren bake eta konponbide nahien aurka aritzea. Gatazka betikotzeko saiakeren aurrean Aski da! esateko ordua da.
• Konponbidearen aurkako indar polizialak Euskal Herritik at nahi eta behar ditugu. Gerra egitera etorri zirenak alde egin dezatela behingoz.
• Errepresio jarduera guztien amaiera exijitzen dugu, bai eta azken atxilotuaren askatasuna.

Azkenik, Tomas Madinaren atxiloketa salatzeko datozen ordu eta egunetan burutuko diren mobilizazioei gure babes osoa adierazten diegu.

Sortu,
2014ko ekainak 10

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.