ALBISTEAK

Pentsatu dugu egokia dela iritzia ematea ETAko hainbat militanteren kontra Parisen egiten ari den epaiketan bertan egin diren adierazpenen harira. Ainhoa Ozaeta, Igor Suberbiola eta Jon Salaberria epaituak izaten ari dira egunotan eta gaur egin dituzten adierazpenek ezin dute gure ustez oharkabean pasa.

Lehenik eta behin gogoratu behar da hiru pertsona horiekin batera bazegoela beste enkausatu bat, Javier López Peña orain urtebete luzetxo hil egin zena espetxean jasan zuen arreta mediku eskasagatik.

Gogoratu behar da ere lau pertsona hauen atxiloketa gertatu zenean komunikabide gehienek hitz egin zutela beraietaz 2006ko prozesu negoziatzailearen bukaeraren errudun bezala eta ondoren orrialdeak eta orrialdeak bete egin zituztela erreportai ilunez ezker abertzalearekin omen zituzten diferentzia politiko uztartu ezinak hizpide.

Hori guztia gaur present edukitzea garrantzizkoa da zeren eta goizean Ozaetak, Suberbiolak eta Salaberriak egin duten adierazpenean borroka armatuaren behin betiko desagertzearekin duten konpromisoa berretsi dutelako, eta horrela iraganekotzat jo eta berriro ez dela emanen gehitu dutelako.

Goizean esandakoa garrantzi berezikoa da gure ustez zeren eta adierazpen horietan akusatuek gatazkaren parte aktibo gisa dagokien erantzukizuna bere egin dute, eragindako sufrimendu eta mina modu argian eta garbian aitortu dute eta gainera horren guztiaren erreparazioaren beharraz nabarmendu egin dute. Aipatu adierazpen hori gatazka politikoaren konponbiderako jarrera politiko orokor eta sendotzat har daiteke, inondik ere saihesterik ez dagoena erabateko arduragabekeriatik baino ez bada.

Beraz, lehen mailako adierazpen politikoen aurrean gaude; eta behin berriro ere ETAk eta bere militanteek badituzten erantzukizun propioetatik herri honen normalizazio politiko eta sozialerako duten borondatearen isla nabarmena dira ETAko militanteek adierazi dute epaiketan borondatea badutela aurrerantzean jarduera politikoa bide politiko eta demokratikoetatik garatzeko eta propio egin diote uko etorkizunean iraganeko borroka moldeak erabiltzeari; gure ustez horrek guztiak garai politiko berri baten oinarriak dakartza euskal herritarron borondate askea gauzatu eta bizikidetza lortu aldera.

Agerian geratu da behin berriro ere bake prozesua aurreratu nahian iristen diren ekimen eta edukiak euskal aldetik baino ez datozela; eta beraz, beharrezkoa da bake eta normalizaziorako borondatearen aurrean kontrajartzea administrazio espainiarretik etengabean mantendu egiten den boikot iraunkorrerako jarrera.

Behin berriro ere deia egin nahi diegu agintari espainiarrei bake eta normalizaziorako bidean ekarpen positiboa egiteko. ETAko militanteen aldetik entzuten ari garen mezuak lagungarri gerta daitezke zalantzarik gabe bakea eta normalizaziorako lanean; eta modu berean, antzeko mezuak entzun nahi ditugu Gobernu espainiarraren aldetik, nahi dugu Madrileko gobernuak behin betirako bukatzea epaiketa politikoekin, mendekuzko espetxe politika bertan behera geratzea eta azken finean, nahi dugu herri honek erabakitzeko duen eskubidearekiko errespetua. Horrela adierazi zuen euskal gizarteak hilaren 8an eta horrela beharko luke Madrilen aldetik, errespetua eskatzen dugu herri honentzako.

Pariseko gaurko epaiketan esan denez, gatazkaren ondorioen konponbideari ez zaio heldu nahi gatazkaren beraren zergatiak ez dutelako agertzea nahi; eta guk gehitzen diogu horri PPk ez duela konponbidearen norabidean ekarpen positiborik egiten badakielako galtzaile gertatu dela bere etorkizunaren jabe izan nahi duen euskal gizartearen aurrean, eta horregatik ari da oztopatzen eta atzeratzen konponbiderako aukera guztiak.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.