ALBISTEAK

Berriz ere espetxetako gaiak gaurkotasun politikoaren erdian daude, arrazoi desberdinengatik, eta horregatik Sortutik gai hauen inguruko posizioa finkatzera gatoz oraingo honetan.

Behin eta berriro esan izan dugu espetxe politika errotik aldatzea ezinbestekoa dela, eta hori bera azpimarratu nahi dugu gaurkoan berriz ere. Egungo espetxe politikak ez dauka justifikazio legalik ezta politikorik ere. Baina diseinatu edota sortu zen lojikatik ere gaur egun ez dauka inongo justifikaziorik. Sakabanaketa, espetxe onuren ezabatzea, arreta medikuarekiko ala ikasketekiko eragozpenak ala Parot doktrina bera izan dira eta badira 2014eko egoerarekin batere zerikusirik ez duen politika antiterrorista zehatz baten tresna, eta oinarrizko giza eskubideak urratu eta bortxatzen ditu.

Jakin badakigu espetxe politika anker hau ez dela egun batetik bestera aldatuko. Horregatik berriz ere mahai gainean jarri nahi dugu larriki gaixorik dauden presoen egoera, minutu bat gehiagoz luzatu gabe konpondu behar dena. Gaur egun badira 11 preso politiko gaixotasun larriek jota daudenak, espetxetik kanpo behar bezalako zaintza eta arreta medikua behar dutenak. Momentu honetan Ibon Iparragirre eta Ventura Tomé badira egoerarik larrienak pairatzen dituztenak. Bi kasu hauetan gaur egun espetxean mantentzea beraien bizitzak arrisku bizian jartzearen sinonimoa da.

Asteburu honetan, Bake Prozesua bultzatzeko Foroan bildutako adituek, gaurko legedi penitenziarioak presoak kaleratzeko prozesoari ekiteko oinarri nahikorik eskeintzen duela ondorioztatu dute. Beraz, borondate politikoa besterik ez da behar konponbide politikoak bilatzeko.
Gaurko legedi penitenziarioak tresna nahiko eskeintzen du presoak euskal herriratzeko, gerora etxeratze prozesuari ekiteko. Behar dena bakarrik da gaur egungo enfokea aldatzea eta legea modu aurrerakoiaz ulertu eta interpretatzea.

Preso politikoen kolektiboak pasa den abenduan erabaki zuen banakako traslado eskaerak egiten hastea, eta eskaera horiek legeak dionaren arabera planteatzea. Eta horrek, gure ustez, balio politiko haundia du bake prozesuarekiko posizio hartzearen terminoetan. Eskaera horiek hasi zirenetik urte erdia pasa da iada, eta estatuaren erantzunak jasotzen hasi dira. Zoritxarrez, erantzun hauek orain arteko lerro berberan mantentzen dira, edozein trasladorako legeak jasotzen ez dituen baldintzak jarriz, legeak jasotzen ez dituen balorazioetan oinarrituta hain zuzen ere. Erantzun hauek arrazoi politikoak argudiatzen dituzte eta damuketa bezalako jarrera personal
subjetiboak exijitzen dituzte, legediak exijitzen ez dituenean, eta beraz zuzenbidea urratzen dute.

Beraz, gobernu españolari exijitu nahi diogu behingoz bere legedi propioa bete dezan eta Euskal Herriratze eskaerari era positiboan erantzutea. Espetxe politika aldatzeko ordua da, gaur egungoa politika guztiz kaltegarria delako herri honen normalizazio politiko zein sozialerako.

Eta hau ez dugu guk-geuk bakarrik esaten. Ez da Ezker Abertzalearen posizioa. Euskal Herriko gizartearen gehiengoak dio, eta Foro Sozialean parte hartu zuten aditu, jurista eta majistratuek badiote ere. Hauek argi adierazi zuten gaur egungo legediak marjen nahikoa ematen duela bestelako espetxe-politika egiteko eta legeak betebehar juridikoak ezarri behar dituela, eta betebehar moralak, elkarbizitzarako kontuan hartzekoak badira ere, ezin direla plano juridikora eraman, eta eramaten badira humiliazio edota etekin politikoa besterik ez dutela helburu izango.

Nazioarteko esperientziak zerk funzionatzen duen eta zerk ez, argi adierazten digu. Eta norabide horretan, ez dago munduko bazter txiki bat ere "garaile/garaituak" binomioak gatazkak konpontzeko balio izan duena. Normalizazio sozial eta politikoa lortu edo lortze bidean dauden gizarteek presoak askatzeko prozesuei ekin diete, baita indarkeriaren biktima guzti guztiei erreparazio eskemak adostu ere, armagabetze eta desmilitarizazio programekin bukatzeko.

Euskal Herriak klabe positiboan pausuak eman behar ditu eta horregatik oraindik mugitu ez diren horiei deia egin nahi diegu bakearen alde apostua egin dezaten eta konponbiderako eszenatokiak ahalbideratu ditzaten. Eta norabide horretan ezinbestekoa da behingoz espetxe politika errotik aldatzea eta, aurreneko pausu bezala, 70 urte baino zaharrago diren presoak zein gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak askatzea.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.