ALBISTEAK


Lehenik eta behin, atzokoan hainbat epaile espainiarrek eginiko adierazpenak balioan jarri nahi ditu Sortuk:
• Gisa horretakoak aurretik entzun gabeak ginelako.
• Euskal disidentzia zigortzeko erabiltzen diren kode penaleko atalak kolokan jartzen dituztelako.
• Entzutegi Nazional, Auzitegi Goren eta Espetxe Zaintzako Epaitegiaren moduko guneetako magistratuak dira adierazpenak egin dituztenak.
• Eta bereziki, esparru judizial horietatik bakea eta gatazkaren konponbiderik ez nahi dutenek garatzen duten mendekuzko justiziarekiko ikuspegi ezberdin eta kontrajarri bat planteatzen dutelako.

Espetxe Zaintzako epaile Luis de Castroren hitzak baloratu nahi ditugu bereziki, euskal presoen hurbiltzea eskubideen alorrean kokatzeagatik eta ez espetxe onuretan.
• Bere planteamenduan asmatzen duela deritzogu: Presoen hurbilketa oinarrizko eskubide bat eta 25 urte hauetan urratu baldin bada arrazoi politikoengatik izan da, presoaren porrota eta senideen sufrimendua helburu duen politika batengatik.
• Castroren hitzek ezin dute hedabideen edo kritika politikoaren esparrura
mugatu: Dispertsioaren amaiera eta preso guztiak Zaballara hurbiltzea
ahalbidetuko duen ekinbide judizialaren parte izan beharko lukete, eskubideen
errespetuagatik.

Geroz eta gehiago dira Estatu espainiarrean ere bestelako ildo politiko eta juridiko bat aldarrikatzen dute ahotsak; konponbide prozesua abiatu zenetik gogortu eta ankertu egin den politika batekiko kritiko diren ahotsak.
• Estatuko esparru politiko, juridiko eta mediatiko batzuek inboluzio agertoki bat nahi dute, presoen hurbilketarik ez eta salbuespenezko politika eta neurriak aplikatuko direnak. Beti ere Ezker Abertzalearen porrota helburu.
• Horregatik da hain garrantzitsua bakearen etsaien politika zalantzan jartzen duten ahotsak egotea, urratsak ematearen eta blokeo haustearen aldeko ahotsak entzutea.

Era berean, magistratu espainiar hauen eta Urkulluren posizioaren artean dagoen aldea azpimarratu nahi dugu. Berriro ere Madrilen izan da eta enegarrenez, ez da gai izan euskal jendarteak exijitzen dun aurrerapausoa emateko, presoen eskubideen errespetua zein salbuespenezko politiken amaiera exijitzeko.
• Madrilera begira dago Urkullu, Ezker Abertzaleari urratsak eskatzen eta eskuetan saskia duela, Rajoyren aldetik zer jasoko duen ere ez dakiela. Eta bitartean, prozesuak aurrera egiteko ezertxo ere egin gabe.

Azkenik, honako ardatzen baitan bake agertokian aurrera egiteko prest dauden sektoreekin lan egiteko duen disposizio azaldu nahi du Sortuk:
• Salbuespenezko politika eta neurriak alboratzeko garaia da, ez direlako eta ez direlako izango herri honetako normalizazio politiko eta sozialaren oinarria.
• Euskal gehiengo sozialaren aldarria da hori; hori da Foro Sozialean parte hartu duten aditu, jurista zein magistratuek diotena, ideia hau nabarmenduz: Espetxe politika aldatzeko aukera legal aski ditu espainiar legislazioak.
• Nazioarteko esperientziak argi uzten du zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Normalizazio politiko eta soziala erdietsi duten edo erdiestear dauden jendarteak presoen kaleratze prozesuak garatu dituzte, indarkeriaren biktimen erreparazio ereduak adostu dituzte eta armagabetze eta desmilitarizazio programak gauzatu dituzte.

Euskal Herriak era positiboan emango diren urratsak behar ditu eta horregatik orain artean mugitu ez diren horiei mezua luzatu nahi diegu, behingoz mugitu daitezen, bakearen aldeko hautua egin dezaten, agertoki berriak ahalbidetu ditzaten.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.