ALBISTEAK

Euskal Herrian normalizazio politiko eta demokratikora heltzeko abian den prozesuarekiko oro har eta Euskal Preso Politikoen aferari eman behar zaion konponbidearen aurrean bereziki PNV eta Lehendakaritza azken hilabete hauetan mantentzen ari diren inboluziozko jarrerarekin oso kezkatuta, hori salatzera eta bestelako jokabidea eskatzera gatoz gaurkoan.

Bai, Ortuzarren PNV eta Urkulluren Lehendakaritza atzeraka eta atzeraka ari dira urtarrilean Bilboko kaleetara elkarrekin atera ginenetik, eta horren adierazle argia dira atzo publiko egin ziren Josu Erkorekaren adierazpenak.

Orain, inoiz baino hedatuago dagoenean euskal preso politikoen kolektiboari aplikatzen zaion salbuespeneko legedia ezabatzeko eskaera, Urkullu eta Erkoreka PP babestuz agertu dira beste behin ere eta, horrela, euskal presoei beraien aurkako espreski antolatutako gerra legedia irentsi dezaten eskatu die.

Erkoreka gezurretan ari da euskal presoek banan-banako eskaera ez dutela egin dioenean. Gaizto jokatzen ari da Erkoreka, erabateko gaiztosasunez, modu honetan gezurretan ari denean.

Erkorekak badaki, euskal gizarte osoak dakien moduan, euskal preso politikoen multzoak banan-banako eskaerak luzatu dituztela Zaballako espetxera mugituak izan daitezen. Eta badaki, era berean, presoak eskubidedun subjektuak direla eskaera hau burutzen dutenean, bi oinarrizko baldintza betetzen dituztelako, hauek: beren etxetik hurbilen dagoen espetxera ekartzeko banan-banako eskaera egitea; eta hurbilketa posible egiten duen espetxea.

Eta Erkorekak badaki presoei Zaballarako lekualdatzea ukatzen ari zaiela ilegalki. Erkorekak eta Urkulluk badakite eta ezkutatu egiten dute.

Bestalde, Erkorekak badaki faltsua dela EPPKk indarrean dagoen legedia onartu duenik. Erkorekak badaki EPPKk bere disponibilitatea agertu duela legediak eskaintzen dituen aukerak aztertzeko, baina inoiz ez du esan soilik eta espreski beraientzat egin eta arrazoi politikoetan oinarritzen diren salbuespeneko politikak onartzen dituenik.

Beraz, Erkoreka gezurretan ari da honetan ere, EPPKk luzatutako eskaerak salbuespeneko legedian oinarrituta burutu dituela dioenean. Eta arrazoi politiko bati jarraikiz jokatzen du honela: Erkoreka jaunak, berak ere, irabazle eta galtzaileen estrategia makabroarekin bat egiten duelako.

Onartezina da, oso larria, Urkullu eta Erkorekaren posizioa. Beren jarrera zuzendu dezaten exijitzen dugu, PPri eska diezaioten mendekuzko politika kriminalak aplikatzeari uztea eta, euskal gizartearen gehiengoak egiten duenaren moduan, Urkulluk eta PNVk ere salbuespeneko legedia guztiak ezabatzea eska dezatela.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.