Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Zaballako espetxera lekualdatzea eskatuz banan-banako eskaerak egitea erabaki zuen pasa den urteko abenduan, eta eskaera hauek indarrean dauden xedapen legalak oinarri hartuz burutu zituen; gure iritziz jokabide honek egundoko balio politikoa du bake prozesuaren sustapenari dagokionean. Bada, sei hilabete pasa dira eskaerak burutzen hasi zirenetik eta dagoeneko hainbat erantzun jaso dituzte, guztiak ezezkoak, inongo arauditan jaso gabe dauden balorazioen araberakoak beti ere; hain zuzen, zuzenbidearekin bat egiten ez duten damuketa moduko eskaerak egin zaizkie presoei.
Sortuk pasa den igandean adierazi zuen moduan, Urkullu, Atutxa edo Erkorekak badakite ilegalki ari zaiela ukatzen euskal presoei Zaballarako lekualdatzea. Badakite hori horrela dela eta nahiago dute gezurra esan egiarekin aritzea baino, horrek ondorioz koherentziaz aritzea eskatzen dielako, urtarrileko manifestazioan egin genuen moduan, prozesuaren eta presoei dagozkien eskubideen defentsan.
Zoritxarrez ez da ezer aldatu, espetxe politikari dagokionean, urtarriletik gaur egunera; egun indarrean dagoen espetxe politikak inongo justifikaziorik gabe jarraitzen du, ez legalki ez politikoki ere. EAJk, ordea, jarrera inboluzionista erakusten du, garai bateko modu eta diskurtsoekin ari da, eta honek guztiak agerian uzten du nahiago duela sakabanaketa eta indarrean dauden salbuespeneko neurri guztiak babesten jarraitu.
Hauxe da, hain zuzen EAJko buruzagiei leporatzen diegun ardura, espetxe politikaren aldaketa burutzea inoiz baino premiazkoagoa denean atzeraka aritzea, PP babestea, giza eskubideen zanpaketarekin jarraitzea. Sorturentzat jarrera hau onartezina da eta aldaketa eskatzen dugu, utz diezaioten mendekuzko politika kriminalak babesteari eta, euskal gizartearen gehiengoak aldarrikatzen duen moduan, salbuespeneko politika guztiak ezabatzeko lan egitea, ezker abertzalearen aurka gezurretan aritzeari utzita.