Gaurko egunez Guardia Civil-ak Amaia Izko Sortu-ko bozeramale nazionala deitu du inputatu gisa deklaratzera. Beste behin euskal preso politikoen aldeko elkartasuna eta beraien kontra aplikatzen den espetxe politikaren salaketa jazarria da.
Guardia Civil-ak atestatua ireki du Amaia Izkoren euskal herritarraren kontra; euskal preso politikoen eskubideak errespetatuak izan daitezen; espetxe politika bete dadin eta dispertsio politika behin betirako amaitu dezaten eskatu zuelako.
Euskal presoen eskubideen eta beren senideen aldeko elkartasunaz baino ez gara ari. Elkartasuna ezin da delitu izan; are gutxiago, oinarrizko eskubideak errespetatzea eskatzen bada.
Beste behin, espainiar gobernuari dei bat luzatzen diogu. Euskal preso politikoen erabilerari utz diezaiola. Euskal Herrian ireki den garai berria lokazteko asmoari utz diezaiola. Bakeak eta normalizazio demokratikoak espetxe politikaren aldaketa eskatzen du eta lehen urrats gisa motibazio politikoko preso guztien kaleratzea.
Modu berean, Madrilek euskal gizartearen gehiengoak libre eta demokratikoki eskatzen duenari entzun eta kasu egin behar dio. Euskal gizartea argi mintzo da, eta hauteskundeak etorri eta hauteskundeak joan, Partido Popular-a bere porrotaren ispiluan isladatzen da, bere españolismoaren gutxiengoa gero eta nabariagoa azaltzen delarik. Eta hau guztia, espainiar gobernuak bake prozesuari etengabe oztopoak jartzen dizkiolako da. Horregatik tematzen da erabakitze eskubidearen aitortza atzeratzen, jakin badakielako horretan ahul eta gutxiengoan dagoela.
Horregatik inoiz baino beharrezkoagoa da, bake prozesuaren oinarriak sendotzea eta gehiengo sozialarekin batera berehalako espetxe politikaren aldaketa eskatzea, Zaballako espetxean euskal preso politikoak elkartu eta bertaratzeko.
Azkenik, Sortuk Amaia Izko-ren kontra hasitako atestatua bertan behera utzi eta euskal preso politikoen eskubideen aldeko eskariak kriminalizatzeari uztea esijitzen dugu.