Gaurkoan Sortu-ko ordezkaritza bat Nazioarteko Bitartekaritzarekin bildu da. Sortu-ren izenean Hasier Arraiz lehendakaria, Urko Aiartza eta Rufi Etxeberria bertaratu dira.
Bilera honen ondotik hau da Sortu-tik luzatu nahi dugun mezua:
1.-Lehendabizi esker ona adierazi nahi diegu bai Jonathan Powell eta Martin McGuiness-i egiten ari diren lan guztiagatik. Esker ona beren jarrera eta konpromiso irmoagatik Euskal Herriko gatazkaren konponbidearen alde.
2.-Gaurko bileran Nazioarteko Bitartekariek gatazkaren gaineko egoeraz irakurketa orokorra luzatu digute. Beraien ikuspegia gurekin konpartitu dute. Beraz, irakurketa globala eta integrala azaldu digute, bai alderdien posizioen inguruan baita gobernuen posizioetaz.
3.-Sortu-k bestalde honako irakurketa helarazi nahi du:
-Lehendabizi, oztopo guztien gainetik gatazkaren konponbide prozesuak aurrera doala. Bake eta normalizazioa prozesuak aurrera jarraitzen du, batez ere, jendartearen gehiengoak hala nahi duelako, euskal jendarteak aurrera eramaten eta bultzatzen ari delako.
-Sortu-k prestutasun osoa adierazi nahi du bake eta normalizazio prozesua amaieraraino eramateko, horretarako behar den lan guztia egiteko.
-Sortu-ren iritziz nazioarteko eragileen lana ezinbestekoa da. Horretaz gain, ezinbestekoa ikusten dugu alderdien arteko aurrebaldintzarik gabeko elkarrizketa prozesua irekitzea betiere adostasunak bilatzeko.