Publikoa denez, atzokoan Sortu-ko ordezkaritza bat Nazioarteko Bitartekaritzarekin bildu zen. Sortu-ren izenean Hasier Arraiz lehendakaria, Urko Aiartza eta Rufi Etxeberria bertaratu ziren Jonathan Powell eta Martin McGuinnesekin biltzeko.
Sortutik esker ona adierazi nahi diegu bai Jonathan Powell eta Martin McGuiness-i egiten ari diren lan guztiagatik. Esker ona beren jarrera eta konpromiso irmoagatik Euskal Herriko gatazkaren konponbidearen alde. Balio berezia du bien lanak Irlandako gatazkaren konponbidean jokatu zuten papera kontuan hartuta.
Sortuko ordezkaritzak harretaz entzun zuen bileran Nazioarteko Bitartekariek gatazkaren gaineko egoeraz egin zutenirakurketa orokorra. Beraien ikuspegia gurekin konpartitu zuten. Beraz, irakurketa globala eta integrala azaldu digute, bai alderdien posizioen inguruan baita gobernuen posizioetaz.
Ezker Abertzaleak ere egoeraren inguruko irakurketa konpartitu zuen, beti ere bake prozesuaren baitan kokatuta. Guretzako, eta blokeorako estrategien gainetik, bake eta normalizazio demokratikorako prozesua sustraituta dagoen errealitatea da, batez ere gizartearen babesa duelako eta aukera paregabea zabaldu zelako Aieteko Konferentziarekin eta ETAren suetenarekin. Gizarteak argi du ezin zaiela utzi bakearen etsaiei aurrean dugun aukera itotzea, eta mobilizazioekin zein bozkekin ari da norabide horretan bultzatzen eta lan egiten.
Zentzu horretan, Sortutik mezu argia luzatu zitzaien bi bitartekariei: oztopo guztien gainetik gatazkaren konponbide prozesuak aurrera doala. Bake eta normalizazioa prozesuak aurrera jarraitzen du, batez ere, jendartearen gehiengoak hala nahi duelako, euskal jendarteak aurrera eramaten eta bultzatzen ari delako.
Horrekin batera Sortuk bake eta normalizazio prozesua amaieraraino eramateko, horretarako behar den lan guztia egiteko prestutasun osoa duela adierazi zien Powell eta McGuinessi.
Euskal Herrian, bake prozesuak martxan dauden munduko beste hainbat lekutan bezala, normalizazioa eta bakea bilatzen duten alderdi ezberdinen arteko akordioetara heltzeko inposiziorik eta aurrebaldintzarik gabeko elkarrizketa oinarrizkoa da . Horregatik, Sortu-ren iritziz nazioarteko eragileen lana ezinbestekoa da. Eta horregatik gobernuei, alderdiei eta bestelako eragile politikoei eskatzen diegu aurrebaldintzarik gabeko elkarrizketa prozesua irekitzeko inplikazioa.
Bestalde, aurreko egunotan EAJeta Sortu arteko liskarra mediatikoa elikatzeko asmorik ez genuela esan genuen publikoki, gure ustez beharrezkoa den elkarren arteko ulermena bilatzeko bide egokia ez delako. Baina azken egunotan ere EAJ alderdiaren hainbat bozeramalek, bereziki jauralritzaren hitza ordezkatzen duen Erkoreka jaunak, zuzenean interpelatu du Ezker Abertzalea, bere alderdiarekin ustezko konpromisoak betetzeko deia eginez.
Sortutik argi utzi nahi dugu gezurra dela, faltsua dela Erkorekak adierazten duena; bake prozesuaren inguruan ez dugu inolako konpromisorik hartu EAJarekin. Bakea eta normalizazio demokratikoaren inguruan Ezker Abertzaleak defendatzen dituen iritziak eta jarrerak Sortuko bakarrik militantziak erabakitzen ditu. Beraz, gauza bat EAJek nahi izatea Ezker Abertzaleak beraiek nahi dutena egitea, eta beste kontu bat estaea Sortuk konpromisoak hartu dituela jeltzaleekin. Eta, esan bezala, hori ez da egia.
Guzti honetaz EAJarekin mintzatzeko borondate osoa dugu, batez ere argi adierazteko ez dela bata besteari baldintzak jartzeko garaia ezta kanpora begirako keinu edo topak egiteko. Guk konpromiso argiak nahi ditugu, konpromisu partekatuak Sortu eta EAJaren artean , bakerako, armagabetzerako, espetxe politika aldatzeko eta erabakitzeko eskubidearen defentsarako EAJarekin konpromiso partekatuak nahi ditugu. Horretaz mintzatu ginen bere unean EAJarekin izandako bileretan, eta helburu horrekin jarraitu behar dugu konpromiso horiek gauzatzeko bideak bilatzen. Hori da gure iritzia eta horretan aurkituko gaituzte.