ETAk egitura militarrak desegiteko erabakia hartu du; honek argi erakusten du ETAren borondate irmoa armagabetze prozesua bururaino eramateko.
ETAk armagabeko eragile politiko bihurtzeko borondatea erakusten du eta horren atzeraezintasuna bermatzen du egitura militarrek desegitean, hau da, jardun armatuarekin ikusteko zuen guztiaren desegitearekin.
Sakontasun handiko erabakia da, pasa den otsailean iragarri zuten armategien zigilatzeari jarraipena emanez eta erabaki hura sendotuz.
Bake prozesuari dagokionez, euskal jendarteak arma guztiak desager daitezen nahi du, eta erabaki honekin ETAri dagozkionak behin betirako desagertzen dira. Erabaki honekin, ETA guztiz desarmatutako eragile bihurtzen da. Hortik aurrera, disoluzio eskaerak bazter guztietatik etorriko dira, betiere interes partikularretatik, ez inolaz bake prozesuaren interesetatik. Tamaina honetako erabakiak argiro erakusten du ETAk eragile armatu izateari uzten diola eta norabide horretan desegin ditu bere estruktura militarrak.
Desiragarria litzateke armak eta biolentzia helburu politikoak lortzeko erabiltzen diharduten beste eragileek ere beste horrenbeste egingo balute. Hau da, gobernuek ere biolentzia ez erabiltzeko konpromisoa hartuko balute, izan ere, biolentzia erabailtzen dihardute beren posizioak hobetzeko eta independentismoaren kontra jotzeko.
Azken finean, izugarrizko albiste ona da bake prozesua sendotzen duena. Era berean, erabaki honek, herri honetan bakerako garai berria ireki dela konfirmatzen du, eta hori guztia Madrilen etengabeko boikotaren gainetik. Aukera historiko hau euskal eragileen konpromiso eta iniziatibari esker etorri da, eta Madrildik etengabe datozen zapuzteko asmoei, bakearen etsaiei, aukera guztiak itxi behar zaizkie.
Badira boikot jarrera itxietatik desarmea erabatekoa eta berehalakoa izan dadila eskatzen dutenak. ETAk berea egin du eta armagabetzea azkarrago ez joatearen ardura espainiar gobernurena da, ez dituelako bere ardurak hartzen eta etengabeko zailtasunak jartzen dituelako, horretan bide poliziala lehenetsiz.
Ezker abertzaleak bakea eta normalizazio demokratikoa azken helbururaino lortzeko bere konpromiso irmoa berresten du. Horregatik da beharrezkoa konpromiso partekatuetaz hitzegitea, konpromiso partekatuak bakea, espetxe politika eta erabakitzeko eskubidea defendatzeko. Azken finean, konpromiso partekatua bakea eta gatazkaren konponbiderako.