ALBISTEAK

Auzitegi Konstituzionalak Bateragune auziko "babes eskeko" errekurtsoaren gaineko erabakia hartu berri du. Erabaki horren arabera, Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodrigez espetxean jarraituko dute.

Estatu estrategia bati erantzuten dion erabaki politiko bat dugu hau. Estatu-estrategia hori euskal herriko nazio errealitatearen ukazioan eta herri gisa dagozkigun eskubideen ukazioan oinarritzen da. Estatu-estrategia hori bere esku dituen arma guztiak, ukazioa eta autoritarismoa baliatzen ditu euskal independentismoaren kontra borrokotzeko. Testuinguru horretan, estrategia horretan kokatzen da Auzitegi Constituzionalak hartutako erabakia; Bateragune kasuan auziperatutakoak kartzelan iraunaraztearen erabakia. Independentismoaren kontrako borroka-estrategian kokatzen den erabakia.

Sorturen iritziz, auzi honetan hartu diren erabaki guztiak funts juridikorik gabekoak dira eta auizipetuei dagozkien oinarrizko eskubideak urratzen dituzte. Horrelako erabaikak soil-soilik uler daitezke bakearen etsaiek ahalbidetutako bulkada politiko baten baitan; eurak, bakearen etsaiak dira auzi honetan ematen ari den urrats bakoitza eta guztiak diseinatu eta ejekutatzen dituztenak.

Bakearen etsaiek, Bateragune auziko ezker independentistako kideak espetxean mantentzea erabaki duten horiek badute helburu jakin bat: Ezker Abertzaleak eta mugimendu soberanista osoak martxan jarritako bake prozesua deuseztea. Hori da helburua eta egitasmo honetan agenda berbera kudeatzen dute PP eta PSOE alderdiek.

Beldurra diote bakeari eta eremu orotan oztopoak jartzen ahalegintzen dira: espetxeetan, Entzutegi Nazionalean, errepresioaren bidez... Guztia erabiltzeko prest dira gure herrian abian den aro berria zapuzteko oso arrazoi sinplearengatik: gure herriarentzako eskaintza demokratikorik ez daukatelako.

Jazarpen eta ankerkeria guzti hau ordea ez da indarra edo sendotasunaren adierazle, Estatuaren ahuldade politikoaren adierazle baizik. Mina eragiteko gaitasuna soberan erakutsi dute bakearen etsaiek. Baina ezin izango dute geldiarazi herri gisa dagozkigun eskubide guztiak berreskuratzeko apustua.

Eta, bukatzeko, Bateragune auzian preso dauden kide guztien askatasuna esijitzen du Sortuk, baita prozesua zapuzteko helburua duten erabaki judizial eta errepresibo guztien eraispena eta, baita, dispertsio eta preso gaixoekiko txantai eta mendeku politikaren behin betiko amaiera.

Hori dela eta, Sortuk dei egiten dio herritargoari bihar osteguna, uztailak 24, arratsaldeko 7etan Donostiako Bulebarreko kioskoan egingo den ekitaldi politikoan parte hartzera. Bertan Hasier Arraiz-ek hartuko du hitza.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.