Jonan Fernandezek, EAJko eledunek etengabe egiten dute moduan, oztopo diren bi muturren artean kokatzen du konponbiderako prozesua: Gobernu espainiarra eta Ezker Abertzalea. Irakurketa okerra eta maltzurra da Fernandezena. Hasteko, ez daudelako bi mutur, bakarra baizik, PPren gobernua, bakerako aukera etengabe zapuzten ari dena. Euskal jendartearen gehiengoak bat egiten du ideia honekin.
Ezker Abertzaleak, aldiz, hainbat urrats egin ditu, are gehiago, egun eragile bakarra da urratsak egin dituena. Oztopoak PPren gobernuak PSOEren babesaz ezartzen ditu, etengabe. Errealitate horren jakitun izanik egoera hau estali eta ekimen ezan murgildu dago EAJren gobernua, Ezker Abertzalea kritikatzera mugatuz. Euskal herritarren aurrean sinesgarri aritu nahi badu, bestelako jarrera batez aritu beharko lukete Jonan Fernandezek eta EAJk. Era berean, jarrera hau zeren trukean mantentzen duten azaldu beharko lukete Fernandezek eta EAJk.
Udazkenean aurkeztuko duen presoen inguruko Hitzeman proposamenaren harira, honakoa adierazi nahi du Sortuk: sei hilabete galdu ditu dagoeneko Jonan Fernandezek, sei hilabete presoen eskubideak defendatzeko, eskubide hauek zapuzten dituen salbuespeneko legedia ezabatu dadila exijitzeko, gaixorik diren presoak kaleratzea exijitzeko, sakabanaketarekin amaitzeko premia azpimarratzeko... udazkenetik aurrera hau guztia bultzatzeko prest balego, ondoan izango gaitu, nola ez. Gobernu espainiarraren espetxe politika kriminalari txeke zuria ematen jarraitu nahi badute, Fernandezek eta EAJk ez dezatela gurekin kontatu, herritarren gehiengoaren nahiari bizkar ematea litzatekeelako.