Tarasconeko espetxera bidean transitoan Marsellako presondegian dauden Ekaitz Sirvent (La Santé espetxetik atera zen uztailaren 4an), Zuhaitz Errasti (Gradignan espetxetik atera zen ekainaren 17an), eta Asier Ezeiza (Fresnes espetxetik atera zen maiatzaren 14an) euskal presoak zigor ziegetan aurkitzen dira ekainaren 24tik, hau da, orain dela bi hilabetetik. Tarasconeko espetxera lekualdatze hauek suposatzen duten urruntzea (Tarasconeko espetxea Euskal Herritik 650 kilometrora dago) eta Marsellako espetxean transitoan daramaten denbora luzea salatzeko abiatu dute protesta hori.
Horrez gain, uztailan beste euskal preso bat, Jurdan Martitegi, Nanterre espetxetik Moulins-era eramana izan da, hau da Euskal Herritik 660 kilometrora.
Beste euskal preso bati Fresnesetik Béziers-eko espetxera transferitua izango dela iragarri diote, hau da Euskal Herritik 500 kilometrora.
Egoera hauen aitzinean gure irakurketa plazaratu nahi genuke:
- Lehenik Sortuk legez kontrakoa den espetxe politika zentzugabe hori salatu nahi du, zigorra bikoitza suposatzen duelako presoengan eta bere senideengan. Preso hauek Tarascon, Moulins eta Béziers-eko espetxetara eramanak izateak presoen urruntzea izateaz gain, beraien senideendako arazoa bihurtzen da, gartzela horietara hurbiltzea zaila delako.
- Gure ustez, urrunketa horiek probokazio politiko bat dira, batez ere ekainaren 14an Baionan burutu zen manifestazio ondoren, non milaka jendek iheslarien eta presoen egoeraren aitzinean irtenbideak bilatzea exijitu zuen, presoen kasuan hasiera batean haien hurbilketa eta bateratzea galdeginez.
- Azkenik, frantziar estatuari Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren kontrako dispertzio eta urruntze politika bertan behera uztea galdegiten diogu. Tenorea da gobernuak Kolektiboak hartutako engaiamenduei era eraikitzailean erantzuteko, hurbilketa eta bateratzearen aldeko neurriak hartuz, baita larriki gaixo den Ibon Fernandez Iradi eta baldintzapeko askatasunean egon behar luketen presoak askatuz.