Hitzeman plana ekimen hutsala da. Gasteizko gobernuak ez du inongo eskumenik berezko ekimen gisa eduki horiek aurrera eramateko.
Orainartean Gasteizko Gobernuak ez ditu espetxe zaintza eremuari dagozkion eskuduntzak jaso eta beraz ezinezkoa du preso edota ihesean diren pertsonen bergizarteratzerako inongo marko legalik ezartzea.
Paradoxa nabarmena gertatzen da beraz, "legezko bidetzat" aurkezten denaz edozein iritzi izan daitekeelako baina inoiz ezin liteke legala denik esan, ez baitu inongo babes legal edota estatutariorik.
Egun behintzat, espetxe zaintzako politikak Madrilen eskutan daude, ez dira transferitu, Barne Ministeritzaren eskuduntzen parte dira eta beraz oinarri horretatik abiatu gabe legezko bide bat proposatzeak zentzurik ez dauka.
Hau guztia horren nabaria izanik, galdera da, zertarako egiten da hau guztia inora ez doan zerbait zerbait saltzen saiatzeko?
Guk horrela ulertzen dugu: berezko ekimentzat aurkeztu duten Hitzeman plana, Madrilek presoen kontra darabilen eskubide urraketa politikatik arreta desbideratzeko ahalegina dela; eskubide urraketa nabarmena zeinarena aurrean Jonan Fernandezen Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusia oharkabean eta oso modu arinean igarotzen den.
Zer gertatzen da sakabanaketa eta urrunketa politika sistematikoarekin? Zer gertatzen da preso gaixoekin, zer eginen dugu preso politikoei aplikatzen zaien aparteko espetxe politikarekin? Eskubidetaz hitz egiten ari gara, berauekiko errespetua aldez aurretikoa da eta inongo baldintzarik gabea.
Hori guztia da premiazkoa dena; horretaz guztiaz hitz egin behar da, nola antolatzen dugun posiblea den presio sozial eta instituzionalik handiena Madrilen aurrean horrekin guztiarekin bukatzeko.
Eta bitartean eta horren aurrean, Urkulluk eta Fernandezek proposatzen diguten politika ostrukarena da; eta eskuduntza propiorik ez dagoen plangintza bat..
Guk ere bat egiten dugu esaten denean Euskal Erkidego Autonomoarentzat eta Nafarroarentzat ere espetxe zaintzako eskuduntzak esijitu behar direla. Oinarrizkoa da espetxe politika gizatiarragoa eta gure herriaren errealitate sozial eta politikoaren bat egiten duena bultzatu ahal izateko. Gure galdera Urkulluri, ea zer egiteko prest dagoen norabide horretan. Zeren eta orain dela gutxi norabide horretan egindako EHBilduren eskaera ez zen aurrera atera Gasteizko Legebiltzarrean EAJren bozka positiboekin kontatu ez zuelako. Nahi duzue espetxe zaintzako eskuduntza, bai ala ez? Argitu ezazue mesedez; guk argi dugu baietz, nahi dugula lehenbailehen.
Aparteko komentarioa merezi du plangintza hau egiteko erabili den metodoak. Hitzeman planaren edukiak gobernuko alderdiarenak dira eta kitto. Ez da adostua izan inongo eragile politikorekin -gurekin ere ez- eta ez da kontrastatu ere egin preso politikoen kolektiboarekin. Ulermen maila handia behar duen gai honen lanketa gaur arte Rajoyk bakarrik ezagutzen zuen proposamen batekin hasi da. Ezer onik ez, hasiera txarra beraz.
Ez gara plangintzaren xehetasunetan sartuko. Ez du legezko indarrik, ezta epe labur-ertainean ere ez, eta beraz parte baten posiziotzat hartzen dugu, inondik ere preso eta iheslarien bueltarako marko legal berri gisa.
Edozein kasutan, hau guztia presoen balizko parte hartzeari begira pentsatuta dago, edukietan jaso diren baldintzen araberakoa, eta beraz uste dugu beraiei dagokiela hori guztia aztertu eta iritzi bat ematea; eta guk iritzi hori arreta handiz entzunen dugu.