ALBISTEAK

2011ko urriaren 20an ETAk borroka armatua bertan behera uzteko erabakia egin zuen publiko. Hiru urte betetzen ari dira gertakari hartatik eta honakoak nabarmendu behar dira:

 

  • Azken hiru urteotan gauzak izugarri aldatu dira Euskal Herrian. Politikaren eremua zabaldu egin da eta betirako bakerako aukerak inoiz baino sendoagoak dira.
  • Gatazkaren ondorio diren kontu batzuk ez dira konponbidean jarri Gobernu espainolak normalizazio politikorako prozesuak ekarri dion minorizazioaren beldur delako.
  • Hiru urte hauetan aurrera emandako urrats guztiak euskal aktoreek eman dituzte; PP eta PSOE bake prozesua zangotrabatzera dedikatu dira etengabean.
  • Momentu honetan berriro ere, espetxe politikak behar duen aldaketa, biktimen aitortza eta erreparaziorako eskema adostua eta gobernuek armagabetze prozesuan izan beharreko parte-hartzea azpimarratu behar dira.
  • Hiru urte beranduago, Nagore Mujikaren atxiloketak erakusten du Madril zertan dagoen eta nola prest dauden edozein gauza egiteko egoera lokazteko eta mugimendu eza betikotzeko. Nagore Mujika espetxeratu dute orain dela 22 urteko kontu batengatik; bera espetxean egona denean, zegokion zigorra bete eta urteak zeramatzanean bizitza normala egiten. Sumario berriak fabrikatzen ari dira mendekuan oinarrituta ezker abertzaleko kideok atzera begira mantentzeko eta hori ez da gertatuko. Gure apustua etorkizuna da, askatasunean eta herri honen gehiengoaren nahian oinarritutako etorkizuna eta hori ez Madrilek ez inork ez du geldiaraziko.
  • Hiru urte hauek demostratu dute bakeak, normalizazioak eta eskubideen zaintzak ezin duela inondik ere kontatu Estatuko indar politiko nagusiekin. PP eta PSOE galtzaile eta guztiz gutxitua ikusten dute bere burua plano politikoan eta beraz ez dute inongo urratsik emango positiboan. Eta distantziak gordeta, horixe bera da Katalunian gertatzen ari dena.

Ondorioz, etorkizuna euskal klabean etorriko da, berriro ere aldebakartasunaren erabilpenetik. Euskaldunok erronka daukagu etorkizun desberdina eraikitzeko, bai gatazkaren ondorioen eremuan ahalik eta presio sozial eta politikorik handien eta osatuena erabiliz Madrilen aurrean; burujabetzaren aldeko posizioak lantzen euskaldunok hobeki bizi ahal izateko eta azken finean, gure herria bere etorkizunaren jabe izan dadin bide komuna eta partekatua adostuz: hori da euskal bidea, gure egoera politiko eta sozial partikularretik herri ikuspegian oinarrituta indarraz bilduz askatasunera eramanen gaituen ibilbide adostu eta zehatza.

Eta hor EAJ beharrezkoa da; baina ez da bakarra. Herri honetan sinesten duten guztiek adostu beharreko bideaz ari gara.

Ezker Abertzaleak erronka horri helduko dio gogotsu eta eskuzabaltasunez eta ziur gaude herri honen bizitza politikoaren ardatz bilakatuko dela.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.