ALBISTEAK

Azaroaren 20ean, 30 eta 25 urte beteko dira hurrenez hurren Santi Brouard eta Josu Muguruza Ezker Abertzaleko militanteak erail zituztenetik.

Urtez urte egin bezala, aurten Sortuk bi kide hauek omendu nahi ditu, Ezker Abertzalearen baitan eginiko ekarpen humano eta politikoagatik.

Santi eta Josuren omenezko ekitaldia azaroaren 15ean egingo da, larunbata, Bilboko Euskaldunan. "Apur ditzagun kateak!" izango da ekitaldiaren leloa, izan ere, ezinbestekoa deritzogu Estatu espainiarrarekiko menpekotasun kateak apurtzea.

Erabateko krisian murgildua dago Estatu espainiarra: Francoren heriotzarekin batera botere faktikoek hainbat alderdi politikorekin hitzarturiko erregimenak pitzadurak baino ez dauzka: marko politiko-territorialaren porrota, eredu ekonomikoaren krisi sakona, Estatua kudeatzeko ardura izan duten alderdiak ustelkeriak jota...

Demokraziari ateak ixtea izan da, atzo eta gaur, Estatuaren helburua.

Horretarako, Estatu espainiarreko gobernu ezberdinek hamarkadetan zehar garatu dute gerra zikina eta errepresioa gatazkaren konponbide politiko eta demokratikoa ekiditeko; Euskal Herrian bakea egonkortzea eragoztea, euskal herritarrok gure geroaren jabe izatea saihesteko. Estrategia horren biktima ditugu Santi eta Josu.

Duela 35 urte eman ez zen haustura demokratikoa ezinbestekoa da egun, eskubideak ukatu eta urratzen dituen Estatuarekin, herrien espetxe den Espainiarekin kateak hautsi behar ditugu, gure geroaren jabe egiteko eta independentzia eta sozialismoari ateak irekitzeko.

Hori da azaroaren 15eko ekitaldian aldarrikatzera goazena.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.