ALBISTEAK

Ohar honen bidez Jone Amezaga gaztearen espetxeratze agindua salatzen du Sortuk. Era berean, elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkio Sortuk Amezagari. Estatu espainiarrak euskal herritarroi ezartzen digun salbuespenezko politikaren azken adibidea da hau.

Errepresioa eta eskubide urraketa sistematikoa da Estatu espainiarrak Euskal Herriarekiko duen politikaren ardatzak. Ildo horretan kokatzen dira epaiketa politikoak, kriminalizazioa eta bereziki, ondorio lazgarriak dituen eta Rajoyk txalotzen duen espetxe politika kriminala.

Helburu bakarra du politika horrek: Gatazka politikoaren konponbideari ateak ixtea, gatazka betikotzea alegia.

Helburu horrekin egiten dira atxiloketak, epaiketa politikoak eta espetxeratzeak. Helburu berberarekin urratzen dira preso eta senide eta lagunen eskubideak. Helburu horrekin mantentzen dira espetxean larriki gaixorik dauden presoak eta helburu berberarekin jipoitzen dituzte presoak, Ibon Iparragirrerekin egin berri duten moduan.

Salbuespenezko egoera honekin amaitzeko herri mobilizazioa da tresnarik eraginkorrena. Horregatik, bat egiten dugu Jone Amezagaren espetxeratze agindua salatzeko deituriko mobilizazioekin bai eta "Giza eskubideak errespetatu heriotza gehiagorik ez. Gaixo diren presoak etxean eta bizirik!" lelopean Bilbon egingo den manifestazioarekin.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.