Kartzelak hustu behar diren garaian bizi gara eta ez da ulergarria, ez da onargarria gaur egun arrazoi politikoengatik inor espetxeratzerik. Arrazoi politikoengatik diogu argi daukagulako Jone Amezagari ezarritako zigor horrek ez daukala zer ikusirik pankarta horrekin.
Garai berriak bizi ditugu Euskal Herrian, konponbide garaia da, baina oraindik orain errepresioa eta eskubide urraketa sistematikoa da Estatu espainiarrak Euskal Herriarekiko duen politikaren ardatzak. Ildo horretan kokatzen dira epaiketa politikoak, ondorio lazgarriak dituen eta Rajoyk txalotzen duen espetxe politika kriminala eta kriminalizazioa.
Auzi honetan Ertzaintzak izandako jarrerak agerian jartzen du jarri dioten zigorra gazte mugimenduan egiten duen lana ezkutatzeko ahalegina baino ez dala, begi bistakoa da batzuk ez dutela nahi gazteria konprometiturik. Bestela, prozedura guztia azkartzeko egin duten ahalegina eta epaileak bilatze eta atxilotze agindua eman dezan erabili duten ez-ohiko bideak zeri erantzuten dio?
Jone Amezaga gaztearen espetxeratze agindua salatzeaz gain, eta berari elkartasuna eta babesa adierazteaz gain, gaur Gernikan, arratsaldeko 19:00tan Merkatu Plazan deitua dagoen elkartasunetik konpromisorako ekitaldian parte hartzeko deia zabaltzen du Bizkaiko Sortuk.