Ohar honen bidez Juan Karlos Arriaran bergararraren atxiloketa salatu nahi du Sortuk. Arriaran atzo atxilotu zuen polizia espainiarrak, 30 urte sorterritik kanpo egon eta gero, Bergaran bizilagunek egin behar zioten harreran.
Berriro ere, bi jarrera kontrajarri ikusarazi dira: konponbiderako urratsak eman eta konpromisoak biderkatzen dituztenen jarrera eta beste aldean, errepresioaren bidez gatazka egoera betikotu nahi dutenena.
Sorterrira itzultzeko erabakiarekin adieraziriko euskal iheslari politikoen konpromiso eta ekarpena bat dator Euskal Herrian zein nazioartean urteotan harturiko konpromiso eta abiaturiko ekimenekin. Guztiz kontrakoa da Estatu espainiarraren jarrera. Jarrera suntsitzailea agertzen du, bakearen eta konponbidearen aurkako erasoak errepikatuz. Bakearen etsaiek etsipena eta ezintasun giroa zabaldu nahi dute gure herrian.
Erbesteratuak etxeratzeko garaia da. Zeregin hori herri honetako eragile eta herritarrekin partekatzeko borondatea agertu du iheslarien kolektiboak eta horretan murgildurik ari da lanean. Hamarna izan dira jada euren sorterrietara itzuli diren lagunak.
Iheslariek zein euskal preso politikoek erakutsiriko jarrera eta konpromisoa nabarmendu nahi du Sortuk eta zentzu horretan uste dugu arrazoi politikoengatik ez duela inork Euskal Herritik kanpo egon behar, ez erbestean, ez espetxean. Erbesteratuen zein presoen egoerak behin betiko desagertu behar du Euskal Herriko ekuazio politikotik.
Konponbidearen bidean, rrazoi politikoak medio ihes egin behar izan zutenek edo arrazoi berdinak medio espetxean direnek, etxean behar dute. Norabide horretan, ahaleginak indartzeko deia egiten du Sortuk, arlo politico eta instituzionalean, baina bereziki, herri mobilizazioan.
Sortu,
2014ko abenduak 20