Armategien zigilatze prozesu egiaztatua gauzatzen egiten ari denaren adierazle da NEBen komunikatua.
NEB-ek egiaztaturiko ETAren aldebakarreko prozesu bat da. Balio handiko ekimen eta urratsa da, ekarpen positiboa egiten duena.
Armategien zigilatzea ETA eta NEBren artean garaturiko prozesua da, armagabetze osoa eta armategien deuseztapenaren aurrekaria. ETAk adierazia du jada horretarako bere borondatea.
Prozesu honen erritmoak PPren gobernuaren borondate ezak baldintzaturik daude. Gogorarazi behar da espainiar arduradunek behin baino gehiagotan esan dutela prozesu honen arduradunak polizi indarren jo-puntuan daudela. Are gehiago, nazioarteko egiaztatzaileek Entzutegi Nazionalean deklaratu behar izan zuten.
Espainiar eta frantziar gobernuaren parte-hartzea ezinbestekoa da, ezinbestekoa da armagabetzea era ordenatu eta osoan egin dadin.
Nazioarteko hainbat adierazpen eta erakundek, azkena Argentinan, bi gobernuen inplikazioa exijitu dute, gatazka politikoak Euskal Herrian eragindako ondorioei eusteko.
Horregatik, gobernu espainiar eta frantziarraren inplikazioa eman behar da, armagabetze prozesua erabateko izango bada.
EAEko gobernuaren manifestuaz:
Urkulluren gobernuaren ustezko ekarpen jarrera ez da egiazkoa. Atzo Jonan Fernandezek aurkezturikoa ez da armagabetze proposamen bat, armak entregatzeko eskaera bat baino ez da. Armagabetze prozesu ordenatu, adostu eta oso bat izan beharko lukeenerako proposamen batetik oso urruti dago proposamena.
ETAren borondate osoaren berri badu Urkulluk. Badaki ETA eta NEBren artean koordinatu eta egiaztaturiko armategien zigilatze prozesua armagabetze osoaren aurrekari dela eta PPren gobernuaren borondate ezak eragin duela egoera.
Badaki ere zigilatze prozesua aurrerapausu bat badela, PPren jarrera itxiaren aurrean ikuspegi eraikitzailez egindakoa.
Guzti horren jakitun da Urkullu, baina era arduragabe eta onartezinean jarduten du. EAEko gobernuak errealitatea desitxuratzen du eta herritarrei gezurretan ari zaio. Eta are gehiago, PPren estrategia immobilista errazten du.
Entzutegi Nazionalarekin batera, Jonan Fernandezen jarduna da Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak jasoriko makilakada gogorrena. Bere adierazpenarekin, erditik kendu nahi izan du Fernandezek NEB, gero bere gain hartu nahi duelarik funtzio hori.
Bake eta Elkarbizitza Idazkaritza, Jonan Fernandez buru, propaganda kabinete bat baino ez da, beste batzuen ekimenak kontraprogramatzea helburu baino ez duena eta besteak beste, armategien zigilatzea egiaztatzeko NEBren ekimena baliogabetu nahi duena.
Propaganda eta Kontraprogramazio Idazkaritza da errealki Fernandezek zuzentzen duen Bake eta Elkarbizitza Idazkaritza. Idazkaritza honek eta Urkulluren gobernuak ez dute inolako proposamenik, protagonismo dute helburu bakar eta horretarako prest daude armategien zigilatzearen moduko prozesu erreal bat baliogabetzeko.
Bake eta Elkarbizitza Idazkaritza PNVren interes partidistetarako tresna bat baino ez da. Fernandezek ez du armagabetze prozesua errazten, zaildu baizik. Sorturen iritziz, Fernandez ezgaitua dago konponbidean laguntzeko aktibo gisa.
Zein izan beharko luke Urkulluren gobernuaren rola? Konponbidearen aldeko aktibo izan nahiko balute:
Nazioarteko Egiaztatze Batzordea bultzatu eta babestu orain artean modu egokian bete duen bere zereginean.
Tinkotasunez salatu Madrilen jarrera eta bakearen etsai gisa jokatzen ari den papera.
PP enplazatu eta politikoki presionatu Gobernu espainola armagabetze prozesu ordenatu batean inplikatu dadin.
Akordio politiko eta herritarrak bultzatu Madrilen aurreko presioa euskal gizartearena izan dadin eta ez alderdi edo instituzio batena bakarrik.