ALBISTEAK

Azken asteotan, euskal preso politikoen eskubideen aldeko manifestazioak, adierazpenak eta herri ekimenak areagotu egin dira. Izan ere, Espainia eta Frantziako gobernuek euskal presoei ezartzen dieten espetxe politika gero eta gogorragoa da eta , horren ondorioz, euskal jendartearen artean gero eta jende gehiagok nahikoa dela esateko garaia dela uste du.

PPk, gaur egun, presoen bizi baldintzak okertzea erabakitzen duenean, gauza bat eta bakarra du buruan: Euskal Herriak bakearen bidean aurrera ez egitea. Nahiz eta ETAk borroka armatua bertan behera utzi eta 3 urte baino gehiago igaro, presoen egoera gero eta okerragoa da. Lehendik zetorren salbuespen egoera muturrera eramaten ari da PP. Hau da, espetxe politika kriminala bakearen kontrako tresna moduan erabiltzen du PPk.

Salbuespenezko legedi eta politika guztiekin behin betiko amaitu beharra dago. Salbuespenezko politiken baitan espetxe politika da larri eta mingarriena. Zigorrak luzatzea de faktuzko biziarteko zigorra ezarriz, sakabanaketa, isolamendua, larriki gaixo diren pertsonak preso mantentzea eta jipoitzea... hori da eguneroko ogia Frantzia eta Espainiako espetxeetan. Eta, presoak zigortzeaz gain, erruleta errusiarrera kondenatzen ditu PPk astebururo senideak.

Horrela bada, areagotu ditzagun euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak. Presoen eskubideen errespetuaren alde jardutea, espetxe politika kriminalaren aurka egitea, bakearen eta konponbidearen alde jardutea delako eta noski, bake agertoki bat ezingo delako finkatu preso bakar bat espetxean dagoen bitartean.

PPren espetxe politika kriminalarekin amaitzeko indar eta tresna guztiak aktibatu behar ditugu, tartean noski, herri mobilizazioa. Euskal preso politikoak etxeratzeko borroka indartu beharra dugu.

Horregatik, dei egiten dugu larunbatean, hilak 27, Basauriko espetxe aurrean egingo den kontzentrazioan zein igandean, hilak 28, Martutenera egingo den martxan parte hartzera.

  • Larunbata 27: Basauriko mobilizazioa 13:00etan izango da, espetxe aurrean.
  • Igandea 28: Martuteneko martxak, urtero bezala, bi zutabe izango ditu, bata Egiako epaitegitik abiatuko da eta bestea Hernaniko Zinkoenea plazatik, biak 11:30etan. Ekitaldia egongo da gero espetxearen aurrean, 12:30ean.

Hortaz gain, Gabonen testuinguruan herriz herri egingo diren ekimenetan parte hartzera deitzen dugu eta, noski, urtarrilaren 10ean Bilboko kaleak betetzera.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.